Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Gibbreel Abbkaj
Errefuxiatua

"Benetako babesa lortu nahi dut, lanjerosak diren egoeretatik ihes egiteko"

Gibbreel Abbkajek hamasei urte ditu. Hamalau urterekin Sudanetik ihes egin zuen eta geroztik Libia, Italia eta Estatu frantsesa zeharkatu ditu Calaisko junglara ailegatu arte. Etorkizun hobe baten esperantzak gidaturik, gainean zuenarekin autobus batera igo zen azaroaren 23an. Hamabi orduko bidaia ondoren, Baigorrira ailegatu zen.

Gibbreel Abbkaj-ek hamalau urte zituelarik Sudanetik ihes egitea erabaki zuen. ©Kazeta
Gibbreel Abbkaj-ek hamalau urte zituelarik Sudanetik ihes egitea erabaki zuen. ©Kazeta

Zergatik zure herrialdetik ihes egitea erabaki zenuen?

Sudanen egoera oso gogorra da, gerla giroa nagusitzen da. Familia eta anaia tipiak Caledonian ditut. Aita gerlatik ihes egin nahian Israelera joan zen. Libiara joan nintzen egoera hobe baten bila, baina han ere gerla zegoen. Hango Nazio Batuen Erakundean babesa lortu nahi nuen, baina zerbitzua babesten zuten militarrek ere hortik ihes egiten zuten. Imajinatu nolakoa zen egoera. Hortik alde egitea erabaki nuen eta Italiara joan nintzen. Azkenean, Italiatik Calais hirira mugitzeko hautua egin nuen.

Nola pasa dituzu bidaiak?

Sudanetik Libiara joateko bidaia gogorrena izan zen. 125 bat pertsona hanpatzen diren ontzi horietan igo ginen. Maleruski, bidaian berrogei pertsona zendu ziren. Bakarrik 85 pertsona ailegatu ginen Italiako kostara. Bertan hiru egun egon nintzen.

Calais hirira ailegatu zinenean, atzeman zenuen egoera nolakoa zen?

Sudanen eta Libian arazoak topatu nituen eta Calais hirira ailegatu orduko egoera berdina atzeman nuen; zenbait alde baikorrekin. Sudanen pertsona anitz hiltzen dira egunero, Calaisen aldiz ez. Arazoa da ezin garela mugitu eta junglan gelditzea behartuak garela. Poliziak inguruetan ibiltzen ikusten bazaitu atxilotzen ahal zaitu. Hala ere, jendeak oihal etxeetan lo egiteko parada du, elkarteen lanari esker. Calaisen paperak baldin banitu, ongi litzateke.

Calaisko jungla egunero garatzen den eremua da...

Bai hala da eta hori gertatzen da egunero jendea etortzen eta joaten delako. Pertsona asko egunero Ingalaterrara sartzen entseatzen dira eta esperantza galtzen dutenean hortik joatea erabakitzen dute. Oso gogorra da, hankak eta besoak zauritzeko arriskua duzu [saiakeran]. Gainera, Ingalaterrara doan trena hartzea oso arriskutsua da, polizia asko daudelako. Ezinezkoa da bidea hartzea muga pasatzeko.

Jendeak nola entseatzen dira Ingalaterrara sartzen?

Egunero entseatzen dira eta ni ere askotan saiatu naiz. Baina poliziak hartzen zaitu, hiru egunez atxilotzen zaitu eta zanpatzen ere. Calais Ingalaterrara doan tuneletik 30 bat kilometrotara da. Jendea egunero hurbiltzen da bertara, oinez. Ez dutela lortu ikustean junglara itzultzen dira, hori da gure egunerokotasuna han. 

Jendeak kamioietan ezkutatzen entseatzen dira, hola santza gehiago dutela pentsatzen dute trenetan ezinezkoa delako. Batzuek abileziak asmatu dituzte eta poliziaren txakurrek ere ez zaituztete atzematen.

Zure etxetik ihes egin zenuenetik, zein izan da memento zailena?

Memento zailenak Sudanen bizi izan ditut. Infernua da. Oso zaila da pertsona batzuk zure anaia edo lagunak erahiltzen ari ikusten dituzunean, zure aitzinean. Gauza lazgarriak ikusi izan ditut han.

Baigorrira etortzeko bidaia nola pasa da?

Asteak pasa ditut Saharako basamortuan. Libiatik ateratzeko ere ibilbide oso gogorra izan zen. Niretzat autobus batean hamabi orduz izatea paradisua da. 

Zure familiarekin kontaktuan jarri zara non zauden azaltzeko?

Ezin izan dut. Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri naiz aita atzemateko eta bilaketa abisu bat eman dut. Bera Israelen da eta ez dakit nola egin. Berriz entseatuko naiz bere berriak ukan nahi ditudalako.

Zure helburua zein da? Estatu politikoa eskatu nahiko zenuke?

Bai, asilo politikoa ukan nahiko nuke, hori da nire lehen helburua. Benetako babes bat lortu nahi dut. Lanjerosak diren egoeretatik ihes egin nahi dut. Estatu frantsesean bizi bat eraiki nahiko nuke. Lehenik paperak lortu nahi ditut, horiekin dena egiten ahal duzulako Europan gaindi. Ukan eta, frantsesa ikasi nahiko nuke eta nire familia sortu nahiko nuke Estatu frantsesean.