Kazeta

Estrasburgok Bateragune auziaren helegitearen zati bat balioztatu du

Bateragune kasuaren defentsak Estatu espainiarreko Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasuna zalantzan jarri zituen argudioak baztertu ditu Estrasburgoko Auzitegiak. Aldiz, Europako Giza Eskubideen Itunaren 6.1 artikulua urratu ote zen aitzinago aztertzea erabaki du.

Arnaldo Otegi apirila arte kartzelan egon beharko da.
Arnaldo Otegi apirila arte kartzelan egon beharko da.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Arnaldo Otegi eta beste kideen defentsak jarritako helegitearen argumentu batzuk baztertu ditu. Hain zuzen ere, Estatu espainiarreko Auzitegi Konstituzionalaren argudioen inpartzialtasunaren auzia baztertu du. Hala ere, Estrasburgok Audientzia Nazional espainiarrean 2011n iragan zen epaiketan 6.1 artikulua urratu zenez aztertuko du.

Europako Giza Eskubideen Kartaren artikulu horrek "pertsona orok beren arrazoiak entzunak izateko eskubidea" dutela nabarmentzen du; "gisa bidezko eta publikoan, independente eta inpartziala den epaitegi baten aitzinean". Europako Giza Eskubideen Auzitegiak artikulu hori urratu zen edo ez aitzinago aztertzeak gaia sakonki lantzeko ateak ireki ditu.

Audientzia Nazionalaren inpartzialtasunari dagokionez, oroitarazi behar da Arnaldo Otegiren defentsak epaiketan parte hartu zuten bi magistraturen inpartzialtasuna salatu zuela. Hain zuzen ere, PP alderdiarekin lotura zuzena zutela eta ezker abertzalearen kontrako beste epaiketa batzuetan parte hartu zutela argudiatu zuen.

Epe zehatzik ez

Estrasburgoren aitzinean aurkezten diren helegite gehienak lehen azterketan gelditzen dira. Bigarren urratsa ematen dutenak onartzen ohi dituzte. Hala ere, azaroaren 26ko erabakiak ez du horren seinalerik ematen, epe zehatzik azaldu ez dutelako.

Auzitegiak 6.1 artikulua urratu zenez oraindik aztertu behar duenez, Arnaldo Otegik apirila arte kartzelan egon beharko du; beste urte eta erdiko kondena gelditzen zaio Rafa Diezi. Auzi bereko beste kideen kasuan errekurtsoa balioagbetua da, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez askatu zituztelako urrian.