Kazeta

Uzta Hitzan, euskararen inguruko gogoetak bultzatuko dituen astea

Uztaritzeko Herriko Etxeak plantan ezarri duen hizkuntza politikaren karietara, azaroaren 24tik 28ra Uzta Hitzan ekimenaren bigarren edizioa antolatuko du. Aurten, lekua utzi nahi izan diote euskararen inguruko gogoetari.

Uztaritzeko Herriko Etxeak Uzta Hitzan ekimena antolatuko du azaroaren 24tik 28ra. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Uztaritzeko Herriko Etxeak Uzta Hitzan ekimena antolatuko du azaroaren 24tik 28ra. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Uztaritzeko Herriko Etxeak euskararen alde duen engaiamendua berretsi du. Bigarren aldiz, Uzta Hitzan ekimena antolatuko du azaroaren 24tik 28ra. Prestatuko dituen hitzaldi, eztabaida eta adin guzietarako zuzenduak diren animazioen bidez leku berezia eskainiko diete euskararen inguruan sortzen diren gogoetei.

"Hirigintzak zertan eragiten dio hizkuntzari? Euskararen historia zein da? Zein gezur edo aurreiritzi daude hizkuntzari buruz?". Uztaritzeko Herriko Etxeak Euskal Herriko Udako Unibertsitatea, Ikas pedagogia zentroa eta Zortziko elkartearekin batera euskararen aldeko astea proposatuko dute: Uzta Hitzan.

"Frantses hiztunak edo euskaldunak diren herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko" xedez, euskararen promozioa egitea erabaki du. Antolatzaileek azaldu dutenez, eguneroko bizian, lan munduan, sorkuntzan edo politikan euskarak duen tokia azpimarratzea garrantzitsua iruditu zaie. Horretarako, hainbat gai bidelagun hartuta, eztabaidak, mintzaldiak eta bideo emanaldiak eskainiko dituzte, besteak beste.

Azaroaren 24an Unai Fernandez de Betoño EHUko Arkitektura Eskolako irakasleak eta UEUko kideak "Hirigintza eta euskara" hitzaldiarekin hasiera emanen dio asteari. Halaber, Pako Aristi idazle eta kazetariak "Euskararen isobarak" hitzaldi-eztabaida proposatuko du azaroaren 27an. Asteburuan, gazteei zuzenduak zaizkien antzerkiak eta zirku tailerra garaile izanen dira.

Uzta Hitzan ekimenaren programa osoa hemen ikusgai.