Iurre BIDEGAIN

Errefuxiatuek asilo politikoaren bidea hasi dute Baigorritik

Calaistik etorritako zazpi errefuxiatuak Baigorrin instalatu dira. Asilo politikoa eskatzeko prozedurak burutu beharko lituzkete. Heldu den aste hasieran beste autobus bat etorriko litzateke Baxe Nafarroan kokatzen den "atseden gunera".

Baigorriko egitura otsailaren 15ean hetsiko dute. ©Bob EDME
Baigorriko egitura otsailaren 15ean hetsiko dute. ©Bob EDME

Azaroaren 19an 11.00k aldera autobusa Calaistik abiatu ondoren eta hamalau orduko bidaia egin eta, goizeko 02.00ak aldera zazpi errefuxiatu ailegatu ziren Baigorrira. Bertan hautetsiek eta herritar talde batek "ongi etorri" beroa egin zieten. Iheslariek beren eskerrak azaldu zizkieten Jean Michel Coscarat auzapezari.

Ordu guti lo egin ondoren, "gerraren eta terrorismoaren" biktimak Baxe Nafarroako herrian esnatu dira; ibilbide berri bat hasteko prest. Franck Hourmat Pirinio Atlantikoetako Gizarte Kohesioko zuzendariak Baigorriko gunea "arnasa hartzeko espazioa" izanen dela azaldu du. "Ez da erretentzio zentro bat. Aske dira. Atsedena hartzeko tokia izanen da", zehaztu du. Gunea otsailaren 15a arte irekia izanen dela zehaztu du.

Pariseko atentatuen karietara gune horrekiko sortu diren arrangurak aipatuz, zuzendariak "gauzak bereizi behar direla" argitu du. "Beldurra sortzen duena ezjakintasuna da", gehitu du. Hain zuzen ere, zerbitzu anitzetako adituek errefuxiatuak lagunduko dituzte: Gurutze Gorriak, Elikagai Bankuak eta Sokorri Katolikoak, besteak beste.

Franck Hourmatek iragarri duenez, azaroaren 20an prefetak departamenduko auzapezekin bilera bat eginen luke larrialdi egoeraren inguruko informazioak azaltzeko, zeintzuk diren plantan ezarri diren baliabideetaz hitz egiteko.

Borondatearen beharra

Prefekturak hasieratik errefuxiatuen "borondatea" ezinbestekoa dela nabarmendu du. "Haiek honara etorri nahi duten edo ez erabaki behar dute", gehitu du. Datorren astearen hasieran beste autobus bat Calaistik atera beharko litzateke. "Ezin dugu aurreratu noiz ailegatuko diren, jendearen nahiaren arabera bidaia antolatuko delako eta guk ordu batzuk lehenago baizik ez dugulako jakinen", azpimarratu du.

Hourmatek azaldu duenez, proposamen honen jatorria Calais sektoreko Barne ministroaren bisita izan zen. Azken horrek harrera baliabideak proposatzeko borondatea erakutsi zuen, batez ere negurako. Horren erantzunez, departamenduak Baigorrin egitura bat irekitzeko proiektua burutu du. Calaistik desmartxa plantan ezartzen dute eta pertsonak gisa honetako egituretara bideratzen dituzte. 

Franck Hourmatek esplikatu duenez, beren osasuna zaintzeaz gain, lehen pausua iheslari horien "ibilbidea ulertzea izanen da". Ondotik asilo estatutua emateko prozedurak hasiko dituzte. Horretarako, Atherbea elkarteak eta Migrazio eta Etorkinen Erakunde frantsesak (OFII) errola garrantzitsu bat jokatuko dute.

OFIIk errefuxiatu horien asilo politikoari dagokion eskakizuna aztertzeko parada izanen du. Erakundeko kidea den Nicolas Daugek azaldu duenez, azaroaren 20ean bilkurak hasiko dituzte. "Banakako diagnostikoak eginen ditugu, martxan jarri behar den prozedura definitzeko", aipatu du. Asilo estatutua errefusatzen balitzaio, ez litzateke Baigorritik kanporatua izanen. "Itzulera laguntzak daude, baina Errefuxiatu eta Estatugabeen Babeserako Erakunde frantsesak (OFPRA) erabakia hartu beharko du, asiloaren oinarriak kontutan hartuz", gehitu du.

Prozedura administratiboan murgiltzeaz gain, Baigorriko VVFan hiru hilabetez instalatu direnek beste aktibitate batzuk egiteko parada izanen dute. Ordenagailuak, wifi sarea eta aisialdietarako baliabideak eskainiko dizkiete eta beste aktibitateak proposatuko dizkiete: mendi ibilaldiak eta tokiko kirolak, besteak beste. "Ekintzak tokiko borondatearen arabera finkatuko dira eta Baigorriko engaiamendua azkarra izan da. Eskertzekoa da", gaineratu du zuzendariak.

"Iraupen luzeko harrerak"

Estatu frantsesak bi urtez 30.000 errefuxiatu jasotzeko engaiamendua erakutsi du. Baina plantan ezarri dituzten bi baliabideak bereizi behar dira. Alde batetik, "urgentziazko harrerak" Baigorriko zentroak bezalako egituren sorrera bultzatzen du. Bestalde, "iraupen luzeko harrerak" daude.

Iragan den irailean, Barne ministroak hiriak errefuxiatuak errezibitzeko baliabideen alde mobilizatu behar zirela nabarmendu zuen. Horren erantzuna bizitegien eskaintza izan zen. Pirinio Atlantikoetan hiru hirik engaiamendua berretsi dute: Paue, Hendaia eta Mourrenx.