Kazeta

Okzitanieraren Erakunde Publikoa sortu dute

Estatu frantsesak, Akitaniako Eskualdeak eta Midi-Pirinioak Okzitanieraren Erakunde Publikoa sortu dute.

Erakundearen helburua okzitaniera hizkuntzaren garapena eta zaintza ziurtatzea da. @@DavidGrosclaude
Erakundearen helburua okzitaniera hizkuntzaren garapena eta zaintza ziurtatzea da. @@DavidGrosclaude

Estatu frantsesak bere engaiamendua berretsi du. Okzitanieraren Erakunde Publikoa uda baino lehen sortu behar zuen eta azkenean, eskualdeko hautetsiek (Akitaniakoek eta Midi-Piriniokoek) Tolosako akademiako errektorearekin batera ofizialki instalatu dute.

Oroitarazi behar da, iragan den maiatza bukaeran Akitania eskualdeko kontseilaria eta hizkuntzen ordezkaria den David Grosclaudek Gobernu frantsesak okzitanierari egindako erasoak salatzeko xedez gose greba bat abiatu zuela. Ekainaren 3an bukatu zen aldarrikapenak elkartasun keinu anitz jaso zituen. Hain zuzen ere, Fleur Pellerin eta Najat Vallaud-Belkacem ministroek beren engaiamendua erakutsi zuten.

Grosclaude erakundeko lehendakariordea izanen da. Berekin batera, Guilhem Latrubesse Midi-Pirinioko eskualdeko kontseilaria eta okzitaniera ordezkaria arituko da eta Hélène Bernard Akademiako errektoreak Estatua irudikatuko du.

Okzitanieraren Erakunde Publikoko zuzendaria hautatzeko prozedura abiatu dute eta gisa berean, 2015eko programaren aurrekontua onartu beharko lukete, agiri baten bidez azaldu dutenez. "Zabalduko den eremuan, okzitaniera hizkuntzaren garapena eta zaintza ziurtatzea da egitura honen helburua", gehitu dute.