Zuntz optikoa Baionako San Leon eta Polo Beyris auzoetara ailegatu da

Orange enpresak zuntz optikoa instalatu du Baionako San Léon eta Polo Beyris auzoetan. 2016an zerbitzu berritzailea hiri osoan hedatzea aurreikusia luke. Auzapeza den Jean-René Etchegarayentzat "elementu erabakigarria eta xarmagarria" da garapen ekonomiko eta sozialarentzat.

Kazeta|2015/11/09 11:50|0 iruzkin
-1
Baionan zuntz optikoaren garapenaz arduratzen den taldea Jean-René Etcharay auzapezarekin. ©Orange

Baionan hedatzen den zuntz optikoak aitzina pausu bat eman du. Sare berria San Léon eta Polo Beyris auzoen esku da, Orange enpresak burutu duen lanari esker. 2016. urtea bukatu aitzin, Baiona guzian zuntz optikoa hedatuko litzateke, Orange Hego-Mendebaldeko zuzendaria den Vincent Bouyerrek azaldu duenez.

Gaur egun, 2.000 etxek Orangek eskaintzen duen zuntz optikoaren zerbitzua erabiltzen dute. Enpresak heldu den urte hasieran kopurua 10.000 etxetara igotzea espero du. Horrek erran nahi du bezeroek datuak partekatzeko abantaila gehiago dituztela, besteak beste.

"Lurraldearen egokitze numerikoa, elkargoaren garapen ekonomiko eta sozialarentzat elementu erabakigarria eta xarmagarria da", erran du Jean-René Etchegarayk, Baionako auzapezak eta Euskal Kosta-Aturri elkargoko presidenteak. Bere iritziz, aitzinamendu honek zerbitzu berritzaileak eskainiko dizkie herritarrei.

Enpresak azaldu duenez, ordenagailuetara, tauleta eta mugikorretara egokitua den mapa batek zuntz optikoaren hedapenaren berri ematen du. Gisa horretan, bezeroak jakiten ahal du zerbitzua zein auzotara ailegatzen den. Halaber, Orangek interesatuak diren eraikinak berekin kontaktuan jarri behar direla aipatu dute. Enpresak aukerak ikertu eta loturaren eginkizuna bozkatuko luke asanblada orokorrean.