Iurre BIDEGAIN

Herri Urrats 2016: "Jalgi" Bernat Etxepare lizeoaren alde

2016ko Herri Urrats ospakizuna maiatzaren 8an iraganen da Senpereko aintziran. "Jalgi" lemapean, edizioak 2017an Baionan ateak idekiko lituzkeen Bernat Etxepare lizeo berriaren alde joko du.

2016ko Herri Urrats maiatzaren 8an iraganen da. (Bob EDME)
2016ko Herri Urrats maiatzaren 8an iraganen da. (Bob EDME)

"Euskara jalgi hadi kanpora [...] euskara jalgi hadi plazara". Seaskak 2016ko Herri Urrats ospakizunarentzat oihartzuna eman nahi izan die Bernat Etxepare idazlearen hitzei. Maiatzaren 8an Senpereko aintziran iraganen den ospakizunak bere harria ekarriko dio euskal idazlearen izena duen lizeo berriaren finantzamenduari.

"Seaskak aurreikusten duen proiektu handia Bernat Etxepare lizeo berria da; beharrak horretan dira. Erronka hori denez, naturalki edizioa horri eskaintzea erabaki dugu", azaldu du Estelle Goñi Herri Urratseko koordinatzaileak.

Ez da lehen aldia ospakizunak lizeo berriaren alde jotzen duela. 2014ko maiatzaren 11n iragan zen edizioak lizeo berria finantzatzeko ahalak eskaini zituen. Garaian, antolatzaileek proiektuak "dozena bat milioi euroko kostua" izanen zuela aipatu zuten. Geroztik, Biarritzen eraiki behar zen proiektuak norabide aldaketa bat bizi ondoren, Euskal Kosta-Aturri elkargoak Baionan diren lurrak proposatu zizkion.

Kulturaren keinua

Heldu den urtean iraganen den Herri Urratsen leloak erreferentzia eginen dio lizeoaren izena duen Bernat Etxepare idazleari. "Erakutsi nahi dugu euskarak bere tokia baduela gure munduan eta gure hizkuntza Euskal Herriko plazetara atera behar dela, Etxeparek zioen bezala", gehitu du.

Urtero, Seaskak proiektu berri bati aurre egiten dio. Iragan den urteko Herri Urratsek Ziburuko Kaskarotenea ikastola berriari lagundu zion. Aurten berriz, hiru ikastola berri ideki ditu Azkaraten, Basusarrin eta Biriatun. Heldu den urtean lizeo profesionala sortzeaz gain, kantina eta barnetegia bilduko dituen eraikuntza sortuko dute. "Seaska dinamika on batean sartua da, beharra eta eskaera bada. Ikastolen elkarteak ahal bezain ongi erantzuten entseatzen da", nabarmendu du koordinatzaileak.

Ospakizunak proiektuen finantzamenduaren parte handi bat ziurtatzeaz gain, Goñik kontatu duenez Seaskak dituen "aldarrikapenak oroitarazteko unea da". "Euskal kulturaren erakustokia da, horren harira tokia eskaintzen zaie Euskal Herriko taldeei", aipatu du.

Datozen hilabeteei begira, lema argitaratu ondoren horren inguruan euskarriak sortu eta iragartzeko unea ailegatuko dela erran du Goñik. "Emeki-emeki programazio taldeak egitaraua prestatuko du eta urtarriletik goiti lan gehiena hasiko da", kontatu du Herri Urratseko koordinatzaileak.