Béatrice MOLLE HARAN

Ikastolako ikasle aheztarren alde egindako ekarpen ekonomikoa

Ahetzeko Herriko Etxeak Bidarteko Uhabia ikastolari diru laguntzarik ez ematea erabaki du. Ahetzeko herritarren hitza elkarteak 500 euroko ekarpena eman dio herriko ikasleen euskal hezkuntza ziurtatzen duen ikastolari.

Arbona, Getaria eta Bidarteko herri elkargoek ikastolaren funtzionamendurako laguntza ekonomikoak ematen dituzte. ©Patrick Tohier
Arbona, Getaria eta Bidarteko herri elkargoek ikastolaren funtzionamendurako laguntza ekonomikoak ematen dituzte. ©Patrick Tohier

Ahetzeko haurrak Bidarteko Uhabia ikastolara doaz euskarazko irakaskuntza jasotzeko xedez. Ikastolak urtero Ahetzeko Herriko Etxeari diru laguntza bat eskatzen dio eta honek errefusatu du eskola publikoa bere lehentasuna dela nabarmenduz. Horren eraginez, Ahetzeko herritarren hitza elkarteak 500 euroko laguntza eskaintzea erabaki du.

"Jakin behar da inplikatuak diren Arbona, Getaria eta Bidarteko herri elkargoek ikastolaren funtzionamendurako laguntza ekonomikoak ematen dituztela", aipatu du elkarteak; inguruko herrietako ikasle eskualdunak Bidartera joaten direlako.

Ekarpenarekin, taldeak espero du Herriko Etxeko kontseilariek ihardukitzea, "jarrera axolagabe horrekin bi irakaskuntza moten aldea garatzen duelako eta horrek gatazkak sortzen dituelako".

"Eredu publikoaren defentsa"

Philippe Elissalde Ahetzeko auzapezak elkartearen desmartxa goretsi du eta herritar gisa horretan parte hartuko duela azaldu du. Bere ustez, Herriko Etxeak hartu duen erabakiarekin "zerbitzu publikoa defendatu du eta legea errespetatu du". "Zerbitzu publikoaren defendatzailea naiz eta murgiltze klaseak sortzeko lan egiten dut; baina eredu publikoan", gehitu du.