Argitxu DUFAU

Hendaiako Herriko Etxeak euskararen aldeko plan estrategikoa abiatuko du

Hendaiako Herriko Etxeak euskararen aldeko plan estrategiko bat prestatuko du; hendaiarrek egina eta haiei zuzendutakoa. Horretarako, euskaldunak direnei eta ez direnei hiru bilkura publikotan parte hartzeko deia luzatu die. Azaroaren 7, 21 eta abenduaren 5ean iraganen dira 12.30etan Antoine Abbadie gelan.

Hendaiako Herriko Etxeak bilkura publikoak antolatuko ditu. ©Isabelle Miquelestorena
Hendaiako Herriko Etxeak bilkura publikoak antolatuko ditu. ©Isabelle Miquelestorena

"Euskara gure hizkuntza da, gure ondasunaren parte da eta partekatu behar dugun aberastasuna da", azaldu du euskararen ardura duen Michelle Mounios hautetsiak. Herriko Etxeak abiatuko duen plan estrategikoa hendaiar talde batek sortutako desmartxari esker hasi da. Beren hiria euskalduntzeko xedea zuten. "Herriko Etxeko ateak irekiak atzeman ditugu", onartu du Aitziber Zapirain lan taldeko kideak. Herriko Etxeak engaiatzeko deia luzatu die herritarrei.

Plan estrategikoa bilkuretan agertuko diren ondorioen arabera landuko dute. "Hendaian 4000 euskaldun ditugu, eragile anitz daude hezkuntzan, kulturan, aisialdietan, komertzioetan eta gazterian. Gainera Herriko Etxea oso motibatua da", nabarmendu du kontseilaria den Aritza Camblongek.

Udalbiltzak eta Elhuyarrek Ipar Euskal Herrian aitzindaria den proiektu parte hartzailea sostengatu dute. "Hendaiako hamabi eragile galdezkatu ditugu gaur egungo egoeraren berri izateko. Herritarrek proiektuaren parte direla sentitu behar dute", adierazi du Irati Bereau Elhuyarreko kideak.

Desmartxa parte hartzailea

Udalbiltzako kidea den Maite Iturre oso pozik agertu da dinamikarekin. Bere ustez, honi esker "euskara dakitenek hitz egiteko parada izanen dute eta ez dakitenei berriz, ikasteko aukera eskainiko zaie". Ideia parte hartzailea dela azpimarratu du: "Udalbiltzak herritarren eta Herriko Etxearen arteko lankidetzan sinisten du".

Euskal Herriko udal eta udal hautetsien biltzarrak proiektu honentzat diru laguntzarik emateko zalantzarik ez duela izanen erran du. Iturrek Kotte Ecenarro auzapezari hitz batzuk zuzendu dizkio: "Pozik gara zuen ondoan izatea herritarrak inplikatzen dituen ekintzak burutzeko eta Euskal Herria eraikitzen duten proiektuak aitzina eramateko". 

Hendaiako Herriko Etxeak euskararen alde egindako urratsak:

1983: Herriko Etxeak aurrekontuaren %1a euskarari zuzentzea bozkatu zuen

1989: Ikastolaren sorrera

1995: Euskararen herriko komisioaren sorrera

2004: Euskarazko ordezkariaren lehen lanpostua

2005: Euskarazko teknikari baten kontratatzea

2010: Euskararen Erakunde Publikoaren izenpetutako hitzarmena

2015: Etorkizun kontratuaren izenpedura EEPrekin