Kazeta

Euskara babesteko hiri elkargo baten beharra aldarrikatu dute Baionan

5.000 lagun bildu dira Baionako karriketan, urriaren 24ean, Deiadar manifestaldia kari. Frantses Estatuko beste hiri batzuetan oihartzuna izan duen ekimenak "Estatus bat lurraldearentzat, Estatus bat hizkuntzarentzat" izan du lema.

Deiadar manifestaldiaren amaiera.
Deiadar manifestaldiaren amaiera.

Hiri elkargoaren aldeko mezu argi batekin bukatu da euskararen aldeko manifestaldia, Baionan, urriaren 24ean. Gisa horretan, heldu diren hilabeteetan hiri elkargoaren alde eramanen den kanpainaren abiatzea markatu dute Euskal Konfederazioko kideek milaka pertsonen aitzinean errandako hitzek.

Aldi berean Montpellieren, Ajaccion eta Carhaix herrian entzun den deiadarrak soinu berezia izan du Ipar Euskal Herrian, hemen, lurraldearen ezagupen instituzionala baita jokoan memento honetan. “Estatus bat lurraldearentzat, Estatus bat hizkuntzarentzat” zioen lemak tokiko hizkuntzak dituzten hiri horietan guzietan. “Ezagutua eta instituzionalki antolatua den lurralde baten behar gorrian gaude, egunez egun lan egiten duten eragileen laguntzeko eta lurralde osoan politika koherenteen eremaiteko”, oihukatu dute Baionako Xaho kaia bazterrean zen oholtza gainetik Deiadar manifestaldiaren antolatzaileek. Departamenduko Kontseiluaren ordezkaritza, Garapen Kontseiluaren, Hautetsien Kontseiluaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren egoitzak zituzten parean.

Orain arte egitura horiek egin lanaren mugak agerian uzteko xedea zuen egungo manifestaldiaren kokaguneak. Bereziki, euskararen alorrean, azken hilabeteetan lurralde kontratua zehazteko iragan negoziazioen hutsegitea eta frantses parlamentuko konponbiderik gabeko eztabaidak izan dituzte gogoan antolatzaileek : “emaitzarik gabeko ele politak, edo aurkeztu eta sekulan bozkatu ez diren lege proposamenei aski dela diogu ! Mespretxuari aski !”

Hizkuntzari estatus bat eta lege babes bat emateaz gain, hizkuntza politika eraginkorrak eramateko Ipar Euskal Herri osoarentzat erakunde baten beharra azpimarratu dute. Eta bide horretan, Pirinio Atlantikoetako prefetak proposatzen duen hautua, hiri elkargo bakarrarena, “historikoa” dela uste dute Euskal Konfederzioko kideek. “Azken 225 urteak kontutan harturik, hirugarren aldia da bakarrik aukera erreal bat dagoela ezagupen instituzional baten lortzeko. Frantses iraultzaren biharamunean, Garat anaien iniziatibaren ondotik, 1981ean Mitterrandek hitz emaite eta hitza jatearen ondotik, horra orain hirugarren aldikoz aukera”, argitu dute.

Batera Karabana bidean

Erronka horren aitzinean, lurraldearen ezagupenaren alde lan egitea galdegin diete hautetsiei. “Herritar bakoitzari doakio inplikatzea eta aktiboki parte hartzea hasten den kanpainan”, gaineratu dute eta hemendik aitzina Batera Karabanak bidea hartuko duela oroitarazi dute eta iraganen duen herri bakoitzean harrera ona antolatzeko beharra nabarmendu dute antolatzaileek.

Preseski, herritarrek toki handia izan dute egun Baionako karriketan, baina hautetsiek ere bai. Alabaina, banderola nagusiaren ondotik gehitu duten banderola eramaten agertu dira horietako batzuk. Aitzineko asteetan, EH Baik, NPAk, EAJk, LABek eta ELBek jada publiko egin zuten haien sustengoa.