Iurre BIDEGAIN

Amnistiaren aldarrikapena bizirik

Aurten urriaren 25ean izanen da Amnistiaren Eguna Makean. Edizio hau prestatu duen talde berriarentzat, gaur egungo gatazka konpontzeko "bultzada politiko bat beharrezkoa da eta hori amnistiatik pasa behar da".

Arratsaldean, 17.00etatik aitzina mintzaldiak proposatuko dituzte Makean.
Arratsaldean, 17.00etatik aitzina mintzaldiak proposatuko dituzte Makean.

Bada 30 urte Amnistiaren Eguna ospatzen dela. Aurtengo ekimena urriaren 25ean iraganen da Makean. Orain arte antolatzen zuen Autonomia Eraiki elkarteak lekukoa pasa dio amnistiaren alde lan egiten duten militantez osaturiko talde bati. Horren kide den Ttotte Etxebesten ustez gaur egun Euskal Herriak bizi duen egoeran "amnistiaren aldarrikapena funtsezkoa da politikotasun bat lortzeko".

Amnistia eskaerak Euskal Herrian bizi diren beste gatazken konponbidearen aldarrikapenarekin bat egiten du, Etxebesteren arabera. "Euskal presoen hurbilketa, gaixo diren presoen askatzea eta betirako espetxe zigorren deuseztatzea eskatzen dugu. Batak bestea deitzen du; osagarriak dira", aipatu du.

Kideak Ipar Euskal Herrian amnistiaren aldarrikapena bizirik dagoela aipatu du. "Urriaren 24ean Baionako deklarazioaren lehen urteurrena ospatuko da. Hori biziki garrantzitsua izan zen abertzaleak baitezpada ez ziren hautetsiek amnistiaren alde izenpetu zutelako", esplikatu du. Gisa berean, Euskal Herria konponbidearen prozesuan murgilduta, jendeak amnistia aldarrikatzen segitzen duela erran du. "Maulen egin zen Egoitz Urrutikoetxearen aldeko manifestazioaren leman ere oihartzun handia izan zuen", azaldu du Etxebestek. 

Bizipenen kontakizuna

Urriaren 25ean iraganen den ekimena 12.00etan hasiko da bazkariarekin. Arratsaldean, 17.00etatik aitzina mintzaldiak proposatuko dituzte. Hain zuzen ere, Korsikako Jean Felix Acquavivak parte hartuko du eta hori 110 Herriko Etxek izenpetu duten amnistiaren aldeko agiriaz mintzatuko da. Bestalde, IRAko preso ohia den Tommy McKearneyk bere bizipenak kontatuko ditu.

Azkenik, Guk taldeak, Agustin Alkhatek, Amets Arzallusek giroa alaituko dute eta ondotik euskal presoen omenaldi bat eginen dute. Gaueko 20.00etatik aitzina, Nat eta Watson eta Xiberoots taldeek kontzertua eskainiko dute.