Kazeta

Dominika Agergarai euskalzale eta pilotazalea zendu da

Dominika Agergarai, "Olhaso" bezala ezagutua zena zendu da urriaren 19an. ELB sindikatuko ordezkaria izateaz gain, Azkorria kooperatibaren bultzatzaileetariko bat izan zen. Ehorzketak urriaren 22an iraganen dira 16.00etan Urdiñarbeko elizan.

Dominika Agergarai, ELBko sindikatuko ordezkaria izan zen. @etxebarre
Dominika Agergarai, ELBko sindikatuko ordezkaria izan zen. @etxebarre

Dominika Agergarai xiberotarra zendu da urriaren 19ko arratsaldean; 59 urte zituen. Sortzez Muskildikoa zena, gaur egun Urdiñarben bizi zen. Laboraria, bertsozalea, pilotazalea eta abertzalea zenaren ehorzketak urriaren 22an iraganen dira 16.00etan Urdiñarbeko elizan.

"Dominika egiazko plaza gizona zen, jendeekin harremanak izugarri gustuko zituen eta hori talde batean biziki inportanta da. Partikularki kooperatiba baten sortzeko eta garatzeko tenorean", deskribatu du Azkorria kooperatibako koordinatzailea den Peio Elgoyhenek. Alabaina, horretan ibili zen Dominika Agergarai beste lau lagunekin. 2004ean sortu zuten Muskildiko Azkorria gasna kooperatiba. Gaur egun 16 pertsona dira bertan lanean. Taldea kalitatezko gasna egiteaz arduratzen da.

Ororen gainetik hego Euskal Herriarekin harremanak sustatzea zuen xede, gogoratzen du Peio Elgoyenek, izan dadin Azkorrian berean baita artzaingoan eta kultura arloan ere bai. Kooperatiban komertzial lanaz arduratzen zen eta hark zituen hego Euskal Herriko bezeroak xerkatzen.

Aldi berean, etxaldeaz arduratzen zen. Xiberotik kanpo ibili ondoren, Urdiñarben instalatu zen emaztearen etxaldean. ELBko kide gisa ere ezaguna zen eta ororen gainetik, Müsikaren Egünaren antolatzaile gisa, kultura topaketa, eztabaida eta festa uztartzen dituen urteroko hitzordua.