Kazeta

Askapenaren kontrako auzia abiatu da Audientzia Nazionalean

Askapenaren kontrako auzia hasi da urriaren 19an Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalean; azaroaren 2a arte iraganen da. Justiziak erakunde internazionalistaren bost kideentzat sei urteko kondena eskatu du. Horrez gain, Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkar Truke elkarteak legez kanporatzea eta desegitea galdegin du.

Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto, Aritz Ganboa eta Unai Vázquez, Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalean. (@MartxeloDiaz)
Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto, Aritz Ganboa eta Unai Vázquez, Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalean. (@MartxeloDiaz)

Askapenako kideak diren Walter Wendelin, Gabi Basañez, David Soto, Aritz Ganboa eta Unai Vázquezen kontrako auzia urriaren 19an hasi da Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalean. Azaroaren 2a arte irautea aurreikusi dute. Auziperatuentzat sei urteko kartzela zigorra eskatu dute; "ETArekin kolaboratzea" leporatu diete.

Horrez gain, Askapena erakunde internazionalista, Bilboko Askapeña konpartsa, Herriak Aske eta Elkar Truke kolektiboak legez kanporatzea eta desegitea eskatu dute. Aste honetan hiru saio iraganen dira. Defentsaren lekukoek deklarazioetaz gain, nazioarteko hainbat ordezkari ere epailearen aitzinetik pasatuko dira.

Audientzia Nazionalera sartu baino lehen, bost kideek "Estatu espainiarra euskal internazionalismoa epaitzeko ez dela nehor" azaldu dute. Horrez gain, iragan den urriaren 12an 5.000 pertsonek auziaren kontrako Iruñeko manifestazioan parte hartu zutela oroitarazi dute.

Askapenaren kontrako operazioa 2010ean iragan zen eta zortzi pertsona atxilotu zituzten. Epaileak erakundea "ETAren agindupeko egitura" zela erran zuen eta beretzat "kanpoko babesak lortzea", "elkartasun batzordeak" sortzea eta Europa mailan brigadak antolatzea leporatu zion.