Kazeta

Erlearen Eguna antolatuko dute urriaren 18an Bidarrain

Erleak, Euskal Herriko erle beltza eta Bidarraitarrak elkarteek Erlearen eguna antolatuko dute urriaren 18an Bidarrain.

Animazioak eta erakusketak proposatuko dituzte Bidarraiko Artetxea gelan.
Animazioak eta erakusketak proposatuko dituzte Bidarraiko Artetxea gelan.

Erleak ekartzen ahal dituen eragin positiboak ezagutu eta Euskal Herrian duen garrantzia gaineratu. Horiek dira Erleak, Euskal Herriko erle beltza eta Bidarraitarrak elkarteek antolatuko duten Erlearen egunaren helburu nagusiak. Urriaren 18an Bidarrain mintzaldiak, animazioak eta erakusketak proposatuko dituzte Bidarraiko Artetxea gelan.

Ekimena 09.30etan hasiko da Patrice Perdie du Sertek eskainiko duen konferentzia batekin. Horrek tratamendu produktuek eztiaren ekoizpenean zein eragin duten esplikatuko du. Ondotik, Euskal erle beltzaren kontserbatorioaren lehendakaria den Frédéric Forsanek erle beltzaren zaintzaz mintzatuko da. Eguerdian, 14.30etatik 16.00ak arte, Perdiek du Sertek "Kofoinen ekoizkinek ekartzen duten ongi izatea eta osagarria" lemapean mintzaldi bat proposatuko du.

Egunaren antolatzaileek azaldu dutenez, goizean zehar Artpiculture elkarteak proposaturik, "erlearekin topaketa" izenburupean haurrentzat animazioak izanen dira. Halaber, egun osoan erlea ezagutzeko guneak, erakusketak eta eztiak jastatzeko parada eskainiko da. Gainera, 12.30etan erlezainen desfilea antolatuko dute.