Iurre BIDEGAIN

Nafarroa Oinez baztandarrak "euskararen oihartzuna mundura" zabalduko du

Datorren urriaren 17an "Hamabortz, ama bat" lemapean, aurtengo Nafarroa Oinez ospatuko da Elizondon. Irabaziak Baztan ikastolari bideratuko dira, "garaiei egokitutako" gastuei aurre egiteko.

Iragan den urtean Zangozako ikastolak lekukoa pasa ondoren, Baztan ikastolak aurtengo Nafarroa Oinez ospakizuna antolatuko du urriaren 17an Elizondon. Bada 33 urte herriak ez duela ikastolen aldeko jaialdia errezibitzen. "Izugarrizko ilusioarekin" eta ibarra guziaren parte hartze "ikaragarriarekin", igandean Basaburua, Erberea, Elizondo eta Baztangoiza guneek euskararen oihartzuna mundura zabalduko dute.

Baztan ikastola 1970ean sortu zen eta geroztik bilakaera positiboa izan du. Hasieran egoitzarik ez zuenez, klaseak atzematen zituzten tokietan ematen zituzten, baina "urtetik urtera zorionez gauzak hobetzen joan dira", ikastolako zuzendaria den Josune Ortegaren arabera.

Gaur egun, 210 ikasle dituzte eta bi egoitza ezberdinetan banatuak dira. "Alde batetik, haur hezkuntzarentzat parkeko eraikina dugu eta lehen hezkuntza, Pilarreko ikastola deitzen dugun eraikinean kokatua da", esplikatu du.

Aurtengo Nafarroa Oinezeko irabaziak Baztan ikastolak aurreikusi dituen proiektuentzat bideratuko dira. Hain zuzen ere, bi eraikinen leihoak konpontzeko, parkeko eraikinaren espazioa handitzeko, aterpe bat eraikitzeko eta lokatzaz betezen den parkea konpontzeko. "Behar nahiko xumeak dira; garaiei egokitutakoak", aipatu du zuzendariak.

Hutsune ekonomikoak asetzeaz gain, "euskararen besta Baztanera ekartzeko" xedea dutela azaldu du. "Nafarroaren iparra eta hegoa konparatuz, Baztan euskaldunagoa dela badakigu, baina oraindik gehiago egin daiteke. Euskarak beti bultzada bat behar du", gehitu du Ortegak.

Aurtengo ospakizuna "Hamabortz, ama bat" lemapean iraganen da. Baztan ikastolako zuzendariak esplikatu duenez, "hamabortzek" esanahi ezberdinak irudikatu nahi ditu: Nafarroan dauden hamabost ikastolak, Baztaneko hamabost herriak eta iraganen den 2015. urtea. "Ama hitzak gure ama hizkuntzari erreferentzia egiten dio. Gainera aurten omenaldi tipi bat egin nahi izan diegu amatxoei; urtetan beraiek izan direlako euskara maitatzen eta zaintzen erakutsi digutenak", erran du.

Musika, dantza eta berrikuntzak

Hesian, Zea Mays, Trikidantz, Tximeleta, Kalakan, Emon, Los Zopilotes edo Xutik taldeen kontzertuetaz gain, dantza emanaldiek, bertso saioek eta erakustaldiek protagonismo handia izanen dute. 

Aurten euskararen erabilpena sustatzeko, eguerdian ekimen berezi bat prestatuko dute. Hain zuzen ere, ibilaldiko planoetan "Guk euskaraz, zuk zergatik ez" kantua islatuko dute eta 13.30etan Urko kantariak gidaturik, bakoitzak dagoen gunetik abesti hori kantatu beharko du.

Halaber, Ikastolen Elkarteak eta Euskaltelek teknologia berriei lotutako joko bat eginen dute egunean zehar. Norberak "Ikastolen jaiak" aplikazioa deskargatu eta lau guneetan atzemanen diren Qr kodeak eskaneatu beharko ditu. Horri esker, parte hartzaileek zenbaki bat jasoko dute eta lortutako opariak hartzen ahalko dituzte bigarren gunean (ordulariak, mugikorrak, kamisetak...).