Kazeta

Kolegioen erreformaren alde, baina euskararentzat izanen dituen eraginen kontra

Hiru Sareta osatzen duten Biga Bai, Seaska eta Euskal Haziak elkarteek kolegioen erreformak euskarazko eta euskararen irakaskuntzan izanen dituen eraginak salatu dituzte. Urriaren 24ean Baionan iraganen den Deiadar manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.

Hiru Sareta osatzen duten Biga Bai, Seaska eta Euskal Haziak elkarteen prentsaurrekoa. ©Bob EDME
Hiru Sareta osatzen duten Biga Bai, Seaska eta Euskal Haziak elkarteen prentsaurrekoa. ©Bob EDME

Biga Bai elkarteak, Seaskak eta Euskal Haziak eskuz esku kolegioen erreformak euskarazko eta euskararen irakaskuntza arriskuan ezartzen dituela salatu dute. Erakunde horiek osatzen duten Hiru Sareta taldea kolegioen erreformaren alde da, baina bere iritziz ez dator bat euskarazko eta euskararen irakaskuntzaren errealitatearekin.

"Orduak falta ditugu", azaldu du Euskal Haziak elkarteko kidea den Mikel Erramuzpek. Hain zuzen ere, gaur egungo eskaintza ziurtatzea "ezinezkoa" izanen dela diote: bi eta hiru ordu astean euskarazko hautuzko irakaskuntzan, hiru ordu astean sail elebidunean eta lau ordu murgiltze sisteman.

Orain arte euskara ikasgaitzat kontsideratua zen eta horri esker oren dotazio bat eskuratzen zuen, "baina heldu den ikasturtetik aitzina ez da horrela izanen". Hain zuzen ere Hiru Saretak esplikatu duenez, kolegioetako asteko plangintzak 26 ordu izanen ditu eta horren eraginez, "ikasgai arruntak, diziplina artekoak, sostengua eta ikasgai osagarriak gehituz", ezinezkoa izanen da euskarazko orduak mantentzea.

Deiadar manifestaziorako deia

Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria eta Bordeleko Akademiako Errektorea kezkatuak ziren lehen maila elebidunetik kolegio elebidunetarako bidean ikasle anitz galtzen zirelako. "Erreforma gisa horretan aplikatuz, peko errekara bidaliko dituzte azken hamar urteetan euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren eragile guziek egin dituzten urrats eta indarrak", gaineratu du.

Hiru Saretak Akademiako Errektorearekin biltzea eskatu du eta horrez gain, urriaren 24ean Baionan eginen den Deiadar manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du.