Kazeta

Egoitz Urrutikoetxearen atxiloketa salatuko duen manifestazioa Maulen

Egoitz Urrutikoetxearen sostengu komiteak manifestazio bat antolatuko du urriaren 17an Maulen. Mobilizazioa 15.00etan abiatuko da herriko pilotalekutik.

Mobilizazioa 15.00etan abiatuko da Mauleko pilotalekutik. ©Bob EDME
Mobilizazioa 15.00etan abiatuko da Mauleko pilotalekutik. ©Bob EDME

Urriaren 10ean berrogeita hamar bat pertsona elkartu ziren Maulen, Egoitz Urrutikoetxearen atxiloketa salatzeko. Oroitarazi behar da urriaren 6an atxilotu eta bi egun beranduago kartzelara bidali zutela. Sostengu komiteak urriaren 17an manifestazio bat antolatuko duela azaldu du; hitzordua 15.00etan herriko pilotalekuan finkatu du.

Taldearentzat, Estatu frantsesak burutzen ari den atxiloketekin "bakearen esperantza trabatzen du; jakinez gatazka konpontzeko garaia dela".

"Atxilotuak diren pertsonek sufritzen dituzten errepresio eta justizia amorru ekintzak salatzen ditugu", esplikatu dute manifestazioaren antolatzaileek. "Atxilotuak, desterratuak, erbesteratuak edo beren engaiamendu politikoarengatik bilatuak diren emazte eta gizon guzien itzulera" exijitu dute.

Beren iritziz, "bake iraunkorrera eta errealera ailegatzeko, euskal presoen eta iheslarien afera konpondu beharko litzateke".

Bake Bidearen balorazioa

Bake Bideak Egoitz Urrutikoetxearen atxiloketa "kondenatu" du. "Lau hilabetez, laugarren ekintza antiterrorista delako eta euskal gatazkari aterabide ona inolaz ere ez delako, frantses gobernuak nahitarat hautatu duen estrategia (errepresioaren bidean espainol gobernuarekin eskuz esku aritzea elkarrizketaren bideari uko eginez) salatzen dugu", azaldu du.

Halaber, urriaren 17an Maulen iraganen den manifestaziora joateko deia luzatu du. "Jendarte zibilari, errepresio politika horri ezetz erraiteko eta bake prozesuaren alde bere engaiamendua agertzeko deia luzatzen diogu", esplikatu du.