Justine Giraudel

Kolegioko erakasleak: kexatik ekintzara

Euskarak kolegioetan "diziplina" sailkapena galtzeko arriskua du, hain zuzen ere, 2016an erreforma aplikatzekoa baita.

Irakasleek oroitarazi dute eskola euskara praktikatzeko gune garrantzitsuena dela. © Isabelle MIQUELESTORENA
Irakasleek oroitarazi dute eskola euskara praktikatzeko gune garrantzitsuena dela. © Isabelle MIQUELESTORENA

Kolegioko buruek eta hezkuntza Nazionaleko zuzendari akademikoak, hots, "Dasen" delakoak inguruak lasaitu nahi baditu ere, euskarako erakasleak gero eta arranguratuagoak dira. Hori, kolegioetan 2016an plantan jarri behar den erreformak euskara erakaskuntzatik kentzen ahal bailuke. Euskara, eta orohar hizkuntza gutituak irakasgai gisa ezagutuak izan daitezen aldarrikatzen dute erakasleek.

Lurraldeko kolegio ezberdinetatik etorririk, hogei bat euskara erakasle elkartu ziren urriaren 7an prentsaurreko baten emateko. Lehenik eta behin, eskatu dute euskarazko eta euskararen erakaskuntzek ezagupena ukan dezaten, "diziplina bakar" gisa onartua izanez. Hortaz, "urtero kolegio bakoitzak negoziatu behar lukeen aterabide" baten ordez, euskararekiko “kuadro legal bat eskatzen dute erakasleek.

Kolegioen erreformaren baitan, euskararen erakaskuntza irakasgai osagarri gisa emana izango litzateke. Euskara Diziplinarteko Erakaskuntza Praktikoen (erderaz EPI) barne onartuz, erakaskuntza mailako babesa galduko luke. "Ikastetxe guztietan eta maila orotan berdina izanen den dispositibo bat nahi dugu, ordutegi berezi batekin" adierazi dute erakasleek. Diziplinarteko Erakaskuntza Praktikoak bosgarrenetik bakarrik hasten direla eta, erakaskuntzaren jarraikotasunaren hauste horren ondorioetaz beldur dira azken hauek.

Mediabaskeko erredakzioaren galderei erantzunez, errektoreak adierazi zuen seigarrenean "erakaskuntza pertsonalizatuentzat atxikitako orduen bidez" euskararen erakaskuntza mantentzen ahalko dela, "ikastetxeak aldez aurretik euskarazko erakaskuntza ematen badu. Erakasleek, ordea, hautazko erakaskuntza berriz jarria izan dadin eskatzen dute, besterik gabe.

Diziplinarteko Erakaskuntza Praktikoetan, zortzi lan ildo ezberdin lehiakortasunean jarriak lirateke. Hain zuzen ere, gorputza, osasuna eta sekuritatea, kultura eta praktika artistikoak, eta azken aukeran, "atzerriko kultura eta hizkuntzak eta hizkuntza gutituak" aukeren artean hautuak egin beharko lirateke. Baldintza hauek, egoera ozpindu baizik ez dute egin.

"Ikastetxeei beren erabakitzeko autonomiari beste %20a emanen diotenez, dio erakasle batek, kolegioen erreformak ikastetxeen arteko ezberdintasunak haundiaraziko ditu". "Moldaketak posible badira ere, onarpena eta diruztatzearen arazoak hor geldituko dira", dio beste batek.

Euskararen erakaskuntza, izan elebiduna edo hautazkoa, ekipa pedagogikoaren eta administrazioaren eztabaiden araberakoa geldituko litzateke. Horrez gain, kuota batzuen menpe diren ikasleen ordutegien mugak ere kondutan hartu beharko lirateke. Urte oroz bezala, negoziazioak egiten dira. Eta denbora badoa: "2016/2017rako proiektu pedagogikoak urtarrilerako definitzekoak dira" ohartarazi du erakasle batek.

Arazoak hizkuntza gutitu guztiak hunkitzen ditu

Argumentu teknikoak dira. Erakasleen eta administratzaileen kalkuloak elgarren kontra jartzen dira. Dena den, erakasleek aurrezten duten gisan, hirugarren zikloan euskararen erakaskuntza bitan zatitua bada, eta seigarrenean desagertzen bada; edo Dasenak eta errektoreak dioten moduan erakaskuntza hainbat moldaketen bidez mantenduko dela, euskarak ez du diziplina propio gisa erakatsia izateko nihungo garantiarik.

"Arazoak hizkuntza gutitu guztiak hunkitzen ditu, eta denok ber aldarrikapenak daramazkigu", dio erakasle batek. Azkenengoa, erakaskuntza elebidunaren mantentzea eta garatzea, ordutegien parekotasunean" izan delarik. Urriaren 7an emandako konferentziak, kolegioan eta lehen mailako ikastetxean euskararen transmizioa bermatzen duen kuadro legal" baten aldeko mobilizazioaren abiatzea eman du.

Erakasleek, Euskararen Erakunde Publikoarekin eta lurraldeko parlamentarioekin hitzordua hartu dute. Besteak beste, urriaren 24an Deiadarrek antolatutako manifestazioan parte hartuko dute "gure hizkuntzendako estatutu bat" aldarrikatuz. "Euskararen desagerpena oztopatzeko, erakaskuntza sistemari ahalak aitortu behar zaizkio. Hiztun osoak egiteko, ezin ditugu gure eskakizunak murriztu".