Kazeta

Gure Esku Dagok "Eskura" prozesu parte hartzailea abiatu du

Gure Esku Dagok "Eskura" prozesua martxan jarriz erabakitzeko eskubidera ailegatzeko aurrerapauso berri bat eman du. "Hausnarketa ireki eta parte hartzaile" batekin, ekainaren 21ean sortutako hautestontzietatik erabakira bidea eraikiko du.

Gure Esku Dago mugimenduaren ekimena Baionan. © Isabelle Miquelestorena
Gure Esku Dago mugimenduaren ekimena Baionan. © Isabelle Miquelestorena

"Erabakiaren aroa hasia da", dio Gure Esku Dago dinamikak. Iragan den ekainaren 21ean, Euskal Herriko hiriburuetan erabakitzeko eskubidea irudikatu zuten hautestontzi erraldoiak eraiki ondoren, erabakirako bidea zehaztu du "Eskura" prozesuarekin.

Desmartxa berri honekin, herritarren borondatearekin josi ziren hautestontzi horien erabilera zehaztuko du. "Zer, noiz, nola" erabakiko den galderei erantzuteko helburua du. Horretarako "Eskura" prozesuak hausnarketa ariketa kolektiboak martxan jarriko ditu azaroaren 21a arte. Data horretan biltzar nagusi bat iraganen da.

"Erabakiaren aroa definituko duen hausnarketa" horretan, Gure Esku Dagoren antolaketa, finantzaketa eta jarduera adostuko dituztela azaldu du. Horrez gain, erabakitzeko eskubide horretara heltzeko "hurrengo geltokiak" definituko dituzte.

Biltzar nagusia

Eztabaida hori sustatzeko herri ezberdinetan dinamika eta eztabaidak antolatuko ditu, talde bakoitzari zortzi orriko proposamena eskainiz. Halaber, sare sozialen bidez "eztabaida foroa" prestatuko du.

Azaroaren 21eko ez ohiko biltzar nagusian hartuko dira erabakiak. "Eskura" prozesuan parte hartzeko gonbidapena luzatu du; "eskutik esku egin nahi dugu lan, erabakirainoko bidea, herritarren eskura jartzeko".