Kazeta

Egoitz Urrutikoetxea kartzelara bidali du epaileak

Egoitz Urrutikoetxea urriaren 6an atxilotu zuten Saint-Denisen. Epailearen aitzinetik pasatu ondoren, espetxeratzeko agindua eman diote.

Egoitz Urrutikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo Maulen. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Egoitz Urrutikoetxearen askatasuna aldarrikatzeko kontzentrazioa egin zuten atzo Maulen. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Egoitz Urrutikoetxea urriaren 6an atxilotu zuten Saint-Denisen (Pariseko kanpoaldean), bi lagunekin batera. Urriaren 9an, Urrutikoetxea epailearen aitzinetik pasa zen eta Pariseko epaileak espetxeratzeko agindua eman du. Naizek zabaldu duenez, ez diote kargurik leporatzen, baina lapurtarraren aurka zeuden hiru atxilotze aginduengatik kartzelara bidali dute.

Parisko Auzitegi Korrekzionalak 2007an eta 2010ean lau urteko bi kartzela zigor eta sei urteko beste bat ezarri zizkion Urrutikoetxeari. 2007ko apirilean eta 2009ko martxoa eta maiatzean, bilatze eta atxilotzeko aginduak igorri zituzten.

Urrutikoetxearekin batera beste bi pertsona atxilotu zituzten; horien artean emaztea litzatekeen "hurbileko militante nazionalista bat". Horiek askatu dituzte urriaren 8an.

Urriaren 7tik elkarretaratzeak egiten ari dira Maulen atxiloketa salatzeko. Gisa berean, urriaren 10ean elkarretaratzea eginen dute 11.00etan Mauleko kioskoaren aitzinean. Sortuk esplikatu duenez, ekimenean "datozen egunetan iraganen den manifestazioaren berri emanen" du.