Kattin Chilibolost

Alternatiba hurbiltzen

Urriaren 8an, Biziko kideek prentsaren aurrean Alternatiba Garazi asteburuaz azken azalpenak eman dituzte. Aldi berean, azken bi urteetan mugimenduak hartutako bilakaeraren bilana egin dute.

Ia 20.000 jende elkartu ziren Alternatiba Tour Parisera iritsi zen egunean. © Jérémie Wach-Chastel
Ia 20.000 jende elkartu ziren Alternatiba Tour Parisera iritsi zen egunean. © Jérémie Wach-Chastel

2013. urtean ospatu zen lehen Alternatiba eguna. Bi urte beranduago, 5. Alternatibaz hitz egiten da. Urriaren 8an, Bizi mugimenduko kideek prentsaurreko bat eman dute. Mugimenduaren bilakaera eta haztea, bizikleta itzulian jasotako oihartzunak edota Alternatiba Garaziko egitaraua bezalako gai batzuk aipatu dituzte.

"Hitza Hitz goizaldiak" emanen dio hasiera Alternatiba Garazi asteburuari. Goizeko 10:00etan, hainbat herriko etxek praktikan jarri dituzten ekintza zehatzak aurkeztuak izanen dira. Ekinbide horren harira, liburuxka berri bat plazaratuko dute: "Ene 21 ekintzak, sistemaren aldatzeko, eta ez klima!". Honek, kontsumo arduratsu, bizileku, hondakin energia, garraio eta finantza mailan har daitezkeen engaiamendu sinple batzuk proposatuko ditu.

Ez da Alternatibak plazaratzen duen lehen liburuxka. "Tresnen Kutxa" eta "Enpleguen liburuxka" jadanik argitaratu zituen. Hain zuzen ere, azken hauen arrakastaz ohartu ziren bizikleta itzuli garaian. Xabier Harloucheten arabera, Frantses estatu mailako hainbat jendek erabili izan dituzte hauteskunde garaietan herri proposamen gisa erabiltzeko.

Europako herrietan barrena egin duten itzulia pasa den irailaren 26an amaitu zen. Aldaketa klimatikoaren kontra egin dituzten 5.637km horien omentzeko, famatuak diren hiru jarlekuko bizikletariko batek, hiru pertsona gainean, azken bide bat eginen du. Larunbatean, goizean goiz abiatuko da Baionatik, eguerdi aldera Donibane Garaziko herrira iristeko. Bertan, "vélorution" itzuli garaian egina izan den gisara, txirrindulariei harrera eginen zaie, haiek hitz hartze bat eginen dutelarik.

Asteburuko programazioan, azken minutuko beste aldaketa bat egin dute: Noël Mamère eta Susan Georgen hitzaldiak izanen dira, larunbatean, arratsaldeko 17:00tatik goiti, Vauban zinema gelan.