Kazeta

Hendaiako postaren banaketa zentroa hetsiko dute

Heldu den azaroaren 17an Hendaia-Urruñako postaren banaketa zentroa hetsiko dute. Enpresak langileak Azkaineko zerbitzura bidaliko ditu. 

Hendaiako langileak Azkaineko banaketa zentrora bidaliko dituzte. ©commons.wikimedia.
Hendaiako langileak Azkaineko banaketa zentrora bidaliko dituzte. ©commons.wikimedia.

Posta enpresak zerbitzuen berrantolaketaren politikarekin segitzen du. Baigorriko posta zerbitzua herrian mantendu ondoren, Hendaiako banaketa zentroa hestea erabaki du. Azaroaren 17an itxiko dute eta bertan ari diren langileak Azkainera igorriko dituzte.

Ipar Euskal Herriko itsasbazterreko Posta zuzendaria den Pierre Segueyek, Sud Ouest egunkarian, Hendaia, Urruña eta Azkaineko zerbitzuak moldatzea erabaki dutela esplikatu du. Azkaineko banaketa zentroa "biziki modernoa" dela eta langileen bateraketa burutzen ahal dela gehitu du.

Leku aldaketarekin "kanporaketarik ez dela gertatuko" azaldu du egunkarian, baina erretretara doan langile batzuen lanpostuak "ez dira ordezkatuko". Langileak aldiz, erabakiak beren bizi pertsonaletan izanen dituen eraginetaz beldur dira.

Inpakturik ez

Beren ustez, publikoari eskainiko zaion zerbitzua ere aldatuko da. Segueyek bezeroetan inpakturik ez dela agertuko erran dio komunikabideari. Halaber, Hendaian ingurumenaren aldeko politika plantan jarriko dutela aipatu du. Horretarako, turnadak oinez edo bizikleta elektrikoekin eginen dira.

CGT sindikatuaren arabera Hendaiako erdigunean bizi direnek eragina sentituko dute, gutunen erdia goizean banatua izanen delako eta beste erdia eguerdian.