Kattin Chilibolost

Dolurik gabe

Urriaren 9an, zintzur bustitze herrikoi bat ospatuko da Larzabaleko jendarmeria aitzinean. Egoitza hutsa dela eta, oztibartarrek giro goxo batean elkartzeko aukera izanen dute.

Oztibarreko Laminek "Alde Hemendik!" dinamikekin bat egiten dutela erakusteko aukera izanen dute. © Jon Hernaez / Argazki Press
Oztibarreko Laminek "Alde Hemendik!" dinamikekin bat egiten dutela erakusteko aukera izanen dute. © Jon Hernaez / Argazki Press

Bihar, urriaren 9an, arrastiriko 19:00tan oztibartarrak zintzur bustitze baten inguruan bilduko dira... jendarmeria ohiaren aitzinean. Duela hilabete batzuk orain, jendarmeek egoitza hustu zuten. Horregatik, Oztibarreko Laminek bertan momentu alai eta goxo baten pasatzeko deia zabaldu dute.

Jendarmeen leku hustearen karietara, musika eta bertsu zonbaitek oztibartarren poza sortuko dute bihar. Elgarretaratzearen bidez, oztibartar talde honek adierazi nahi du ez dela jendarmeen presentziaz damutuko. Garaiko suprefetaren gutun baten arabera, 1981ean borroka armatuaren aitzakiarekin handitu zen Lartzabaleko jendarmeria. Azpimarratzekoa da hastapanenean, Pireneo Atlantikoetako HLM edo egoitza sozialak zirela. "Nahiago genuke jendarmeek okupatutako etxe horiek familia batzuen bizitoki gisa erabiliak izan daitezen" azaldu du gazte batek.

Bestalde, Oztibarreko Laminek Euskal Herriko xoko ezberdinetan "Alde Hemendik!" dinamikekin bat egiten dutela erakusteko aukera izanen dute. "Guk ere, agertarazi nahi dugu, beren presentziarik ez dugula nahi, izan polizia, jendarma edo armadarena", azaldu du haietariko batek. Horrez gain, tokiko jendarmeak errepresioaren eragile direla ere oroitarazi du: "Baigorriko operazioan berean, jendarmeek parte hartu dute”. Nahiz eta jakin polizia ez dela desagertuko, "errepresioa ez da bidea" leloari lotuz, Larzabaleko jendarmeriaren desagertzeak zintzur bustitze bat merezi zuela pentsatu zuten aspaldian oztibartarrek.