Kattin Chilibolost

Kultura denboraldi berria abian da

Hego Lapurdiko Hiriguneak bere 10. denboraldi kulturala aurkeztu du. Publiko orori idekitako ikusgarriak eta lurraldeko hainbat eragilerekin garatzeko xedea duten proiektuak ezagutarazi dituzte.

Hego Lapurdiko hiriguneko lehendakaria, Peyuco Duhart, eta lehendakari ordea den Odile de Coral denboraldi kulturalaren aurkezpenean present ziren, proiektuaren beste eramaileekin batera. © Bob Edme
Hego Lapurdiko hiriguneko lehendakaria, Peyuco Duhart, eta lehendakari ordea den Odile de Coral denboraldi kulturalaren aurkezpenean present ziren, proiektuaren beste eramaileekin batera. © Bob Edme

Arte obra batek Hego Lapurdiko Hiriguneko gela nagusia okupatzen zuen, iragan asteazkenean, azaroaren 30ean. Aitzineko sasoi kulturalen antzera, obra bizia eta anitza zen, bideo, argazki, marrazki, audio eta eskulanez osatua baitzen. Arte lan hori Hego Lapurdiko Hiriguneko 10. denboraldi kulturalaren karietarat burutu du Francisco Dussourd artistak. “Azken bederatzi urteetan, Hego Lapurdiko Hiriguneko kultura sasoiaren barnean garatutako proiektuek utzi dituzten herexak bilduz osatu dut”.

Dussourdek egin duen gisara, proiektuan parte hartzen duten beste eragileek olerki, testu edo istorio labur batzuen bidez denboraldiari ematen dioten garrantzia adierazi dute. Kultura ez litzateke artisten eskutan gelditzen den diziplina. Azken bederatzi urte hauetan, denboraldi kulturalaren aitzakiarekin, erakasle, hezitzaile eta arlo sozialeko hainbat langilek beren lan eremuan integratzeko aukera izan dute. Denboraldi Kulturala, hain zuzen ere, eragile horien guzien artean pentsatutako egitasmoaren emaitza da.

Hirigunearen egitasmoaren barnean, eragile publiko, pribatu, eskola, zahar etxe, erietxe, aisialdi zentro, elkarte baita kolegio eta lizeoek kulturari leku bat ematen diote. Alabaina, sektore bakoitzeko eragileak formatu eta beren lan eremuan proiektu artistikoen garatzeko posibilitatea ematen du. Bestalde, artista profesional zein amaturrei laguntza eskaintzen ahal die, frantses Estatu mailan, edota Euskal Herri mailan oihartzuna jasotzen duten ikusgarri zein arte lanak garatzeko aukera emanez.

2015-2016 denboraldirako, hamabost konpainiek eskainitako 145 ikusgarri antolatu dituzte. Senegal, Belgika, Mexiko, frantziar et espainiar Estatuak eta Euskal Herritik jiniko artistak present izanen dira, besteak beste. Hiriguneko herriei beste hitzordu batzuk emanak zaizkie, hots, Frantses Estatu mailan garatzen den “Denboraldi ederra”ren karietara, EliralE artista konpainiak herriz herri sormen artistikoari zuzendutako saioen emanaldia.