Kattin Chilibolost

Itsasuko Balaki trinketea: auzitegiak erosketa atzera bota du

Itsasuko Herria Baiko hautetsiek eta prefetak Balaki trinketea 400.000 euroren truke erostea salatu ondoan, Paueko Auzitegi Administratiboak transakzioaren legalitatea aztertu du. Herria Bai eta prefetari arrazoia eman die. Herriko Etxeak ezingo du Balaki trinketea 400 000 eurorentzat erosi mementoko.

Auzitegi administratiboak urriaren 5ean emanen du Balakiren inguruko deliberoa. © Gaizka Iroz
Auzitegi administratiboak urriaren 5ean emanen du Balakiren inguruko deliberoa. © Gaizka Iroz

Prezioaren soberestea, informazio atxikitzea, bozkaren bideraketa… Hara Itsasuko Balaki trinketearen erosketaren inguruan agertzen diren hainbat kezka. Interes publikoa hunkitzen duen afera aztertu du berehalako auzian Auzitegi Administratiboak. Azken honek, funtsezko auzia gertatu arte salmentaren gelditzea erabaki du.

Philippe Neysen ontasuna den Balaki trinketea 400.000 euroren truke eskuratzeko deliberoa bozkatu zuen Itsasuko herriko kontseiluak uztailaren 29an. Alabaina, ontasunen estimatzeko zerbitzu publikoen azken neurketaren arabera, Philippe Neysen ontasunak 300.000 euroko balioa luke. Bi prezioen arteko diferentzia nabarmena ikusirik, prefetak, hautetsi batzuek baita herritarrek ere transakzio horren interesa zalantzan jarri zuten behin eta berriz.

Hala, lehen errekurtso bat jarri zuen prefetak uda honetan, ondotik, herriko kontseiluaren delibero eguna aitzin erretiratzeko, denen ustegabean. Alabaina, herriko hautetsiek berriki jakin dute prefetaren asmoa ez zela afera bertan behera uztea. Izan ere, uztailaren 16an, hots, erosketaren deliberaziorako bozka eguna baino hamar bat egun lehenago, Itsasuko auzapeza den Roger Gamoyk beretako gorde zuen prefeturatik eskuratu zuen gutun bat. Bertan, prefetak bere lehen errekurtsoa "prozedura arazoengatik" kendu zuela azaltzen zuen, beti ere oroitaraziz "Balaki 400.000 euroren truke eskuratzea legez kanpoko erabakia zela".

Prezioaren soberestea baino haratago, informazioa gordea izana, eta ondorioz, herriko kontseiluko bozka bideratua izana leporatzen zioten Herria Baiko hautetsiek auzapezari. “Herriaren interesaren aurka” doan jarrera bat salatzen du taldeak, orohar. Azken honek, azaldu du auzapezaren aurka jarri dituzten prozedurak herriaren interesen alde egin dituztela. Horretaz, harridurarekin jaso ditu urriaren 1ean izandako lehen auziaren berriak Herria Baiko hautetsi den Philippe Lascarayk. "Roger Gamoyk 2.000 euro eskatu ditu Bernadette Borthury eta ene kontra [Herria Baiko hautetsiak]". Bata bestearen aurkako salaketa eta ordainen baldintzak urriaren 5ean zehaztu ditu Paueko Auzitegi Administratiboak: isunaren eskaera ez du onartu, eta funtsezko auzia arte, Itsasuko Herriko etxeak Balaki trinketea ezingo duela erosi jakinarazi du.