Kazeta

Gixunen hilik agertu zen emaztearen bikotea kartzelara bidali dute

Gixunen hilik atzeman zuten emaztearen bikotekidea auziperatu dute urriaren 6an; "heriotza eragin duen borondatezko bortizkeriagatik". Epailearen aitzinetik pasa ondoren kartzelan sartu dute. 

Gixune eta Ahurti arteko bidean bi auto istripu gertatu ziren. ©Wikimedia
Gixune eta Ahurti arteko bidean bi auto istripu gertatu ziren. ©Wikimedia

Igande gauetik, Gixunen hilik atzeman zuten 30 urteko emaztearen bikotekidea atxilotua zegoen Baionako komisaldegian. Sud Ouest egunkariak azaldu duenez, 26 urteko Lehuntzeko gizonak emaztearen heriotzan eginkizun "aktiboa" izan lezakeela kontsideratu du prokuradorea den Samuel Vuelta Simonek. "Heriotza eragin duen borondatezko bortizkeriagatik" auziperatu dute. Askatasun epaileak kartzelara bidaltzea erabaki du.

Urriaren 3ko gauean, Gixune eta Ahurti arteko bidean bi auto istripu gertatu ziren. Batean, zuhaitz baten kontra 30 urteko emakumea hilik atzeman zuten. Baionako ospitalera eraman eta bertan zendu zen.

Istripu horretatik bost kilometrotara beste bat izan zen. Kolpatutako autoaren barnean ez zuten inor atzeman; horren ondotik prokuradoreak ikerketa bat abiarazi zuen. Azken auto hori hildako emakumearena zen. Bi auto istripuen arteko lotura ikertzen ari dira. Berria egunkariak azaldu duenez, prokuradoreak dio 26 urteko gizonak Gixunen atzemandako autoa gidatzen zuela.

Urriaren 6an zendu zen emaztearen gorpuari autopsia egin zioten Bordelen. Emaitzak hemendik egun batzuetara jakinen diren arren, barne hemorragia batek heriotza ondoriozta zezakeen, Sud Ouesten arabera.

Poliziak istripu horien lekukoei Baiona edo Hazparneko jendarmeriekin kontaktuan ezartzea galdegin die.

Bortizkeria sexisten kontrako kolektibo feministak elkartaratzea antolatuko du  urriaren 8an Baionako herriko etxearen aitzinean 18:00etan.