Kazeta

Egoitz Urrutikoetxea atxilotu dute Parisen

Egoitz Urrutikoetxea atxilotu dute Saint-Denisen (Pariseko kanpoaldean), Estatu frantseseko eta espainiarreko Ministeritzek baieztatu dutenez. Bi estatuetako poliziek atxiloketa burutu dute urriaren 6an. Asteazken honetan, elgarretaratzea izanen da Mauleko Gurutze Xurian, atsaldeko 6.30ean.

Egoitz Urrutikoetxea 2000. urtean atxilotu zuten. © Gaizka Iroz
Egoitz Urrutikoetxea 2000. urtean atxilotu zuten. © Gaizka Iroz

Egoitz Urrutikoetxea Saint Denisen atxilotu dute urriaren 6an, Parise kanpoaldean. Estatu frantseseko eta espainiarreko Barne Ministeritzek atxiloketa baieztatu dute. Agiri baten bidez, Ministeritzek Urrutikoetxea "ETAko aparatu politikoaren arduradun garrantzitsua" dela esplikatu dute. Aldiz, Ser irratiak Urrutikoetxeak "ETArekiko loturarik ez" lukeela azaldu du.

Polizia frantsesa eta espainiarrak elkarlanean burututako atxiloketa da. Bernard Cazeneuve eta Jorge Fernandez Diaz ministroek "elkarlana zoriondu" dute. Igorri duten agirian, Urrutikoetxea atxilotzeko bi agindu eman zituztela diote; 2007an eta 2009an. Eta lau urte bere bila ibilki zirela gehitu dute.

Egoitz Urrutikoetxea 2000. urtean atxilotu zuten eta hamar hilabeteko espetxealdira zigortu zuten. Polizia bat erasotu izana leporatu zioten. Bost hilabete kartzelan egon ondoren, askatu zuten.

Halaber, iragan urteko martxoan pertsona bat atxilotu zuten Xiberoan eta agentziek Urrutikoetxea zela argitaratu zuten. Baina geroago, Estatu espainiarreko gobernuak beste pertsona baten nortasuna iragarri zuen.

Atxiloketaren harira, elgarretaratzea izanen da asteazken honetan Mauleko Gurutze Xurian, atsaldeko 6.30ean. Gainera, ohar bat plazaratu du Sortuk gertakaria salatzeko eta bere irakurketa plazaratzeko : "Egungo gehiengoa arriskuan ikusten duen hauteskunde batzuen atarian, 'euskal herritarraren ehiza' aktibatu du berriro ere PPk, etekin politikoak lortuko dituelakoan". Eta azpimarratu du : "ETA armagabetze prozesuan dagoen bitartean Gobernu espainiarrak garaile eta garaituen dinamikan jarraitzen du". Urriaren 3an, 6.500 pertsona bildu ziren Donostiako karriketan, alderdi abertzaleek antolatu zuten bakearen aldeko manifestaldian.