Iurre BIDEGAIN

2Zio: "Disko berrian barnera urrats bat egin dugu; taldearen progresioa da"

2Zio rap taldea itzuli da "Bideak" disko berria aurkezteko. Ekoizpen berri hau "lehen diskotik garapena" dela esplikatu du abeslaria den Odei Barrosok. Egunerokotasunaren aldarrikapenak beti presente dira kide bakoitzaren barnetik idatzitako letra berri horietan. Taldeak, urriaren 2an Donibane Ziburuko Gaztetxean antolatutako gaualdian disko berria aurkeztuko du.

2Zio taldeak urriaren 24an kontzertu bat eskainiko du Donibane Ziburuko gaztetxean. ©2Zio
2Zio taldeak urriaren 24an kontzertu bat eskainiko du Donibane Ziburuko gaztetxean. ©2Zio

2Zio taldea 2009an sortu eta 2011n sendotu zen. Gibelera begira, taldearen ibilbidea nolakoa izan da?

2011n biltzen eta kantuak idazten hasi ginen eta garaian ere zuzeneko batzuk eskaini genituen. "Pausuz pausu" diskoa atera genuen 2013an eta kontzertuekin hasi ginen. Ondotik atsedenaldi bat hartu genuen eta iazko maiatzetik ez dugu jo. Tarte honetan "Bideak" diskoa prestatzen egon gara. Gogo handiekin eta indarrez itzultzen gara.

Nolakoa da raparen egoera Euskal Herrian eta batez ere Ipar Euskal Herrian?

Euskarazko rapa gutti dago Euskal Herri osoan. Egiten da, baina ez dira talde anitz atera. Talde batzuek hurbilketa bat egiten dute. Nik ez nuke erranen egoera oso osasuntsu dagoenik. Euskal Herrian ez da eskas edo urri taldeen aldetik, baina egia da pixkanaka badirudi oihartzuna izaten ari dela eta bere lekua lortzen ari dela. Aipatzekoa da, hertzeetan hainbeste euskara mintzatzen ez den lekuetan, rap taldeak gehiago atera direla, euskal eremuetan baino. Niri deigarria iruditzen zait.

Zergatik uste duzu rap talde gehiago ez direla sortzen?

Ez nuke jakingo galdera horri erantzuten. Egia da, hizkuntzarekin punk edo metal talde bat eginen nahi baduzu, euskaraz hitz egiten jakin behar duzula noski, baina iruditzen zait rapak exijentzia handia eskatzen duela hizkuntzarekiko. Orduan behar bada hori izan daiteke? Ez dakit.

Hasieratik zuen aldarrikapenak euskaraz errimarazteko xedea izan duzue, ekoizpen berri honekin helburu berdina duzue?

Beti erran dugu aldarrikapenak direla, baina ez direla bortxaz modu konzientean eginak. Azkenean, gure egunerokotasunaz eta kezkatzen gaituzten problematiketaz idazten dugu. Parte anitz politiko eta sozialak dira, hori delako gure egunerokoan duguna. Disko honetan ere barnera urrats bat egin dugu. Bakoitzak bere barnetik idatzi du eta beste kantu edo idazkera mota batera jo dugu. Azkenean gure progresioa da. Bakoitza aldatzen da, garatzen da, nik uste dut disko hau bigarrenaren garapena dela.

Taula gainera eraman dituzuen aldarrikapenak, urteekin aldatu dira?

Zoritxarrez berdinak dira, baina ez dira molde berdinean erranak. Orain beste adierazteko modu batera jo dugu. Rapa da beti, baina 2Zio entzun duenak lehen diskoan eta bigarrenean, letren idazkeran aurrera pauso bat nabarituko du. Ez hoberako edo txarrerako joan dena, baizik eta ezberdina dena.

Zer aurkituko du entzuleak "Bideak" disko berri honetan?

Hamasei kantu, hamaseiak rapa direnak, baina nik errango nuke nahiko anitzak direla; tematikaren aldetik, baita musikaren aldetik ere. Lan luze bat eskatu du eta azken finean talde baten bidea irudikatzen du. Horregatik "Bideak" izena eman diogu. Musikan hasi garenetik gaur arte egin dugun bidearen mugarri bat gehiago delako. Jendearengana iristeko, talde bezala kanporako bide bat egiten ari gara. Oihartzun gehiago bilatzen ari gara. Kanporako bidea egin dugun bezala, barnerako bidea ere badoa.

Rap kantu batekin publiko horri heltzeko gakoa zein da?

Gustuak koloreak bezala dira. Hizkuntzaren erabilera eta basea beharrezkoak dira. Baseetan ere rapa da, baina mota anitz badira. Gainera guk, Bik Makerra dugu eta honek base guziak egin ditu. Abantaila bat da.

Aspalditik bertsotan ibiltzen zarela, zure ustez zein da bien arteko lotura?

Euskara erabiltzen da bietan. Hizkuntzarekin egiten duzun jolasa da. Aldarrikapenak entzunarazteko egiten dugu ere bai, baina batez ere gustatzen zaigulako eta oso ongi pasatzen dugulako. Niretzat biak jolasak dira, ezberdinak baina hizkuntza eta jolasteko nahia amankomunean dutenak. Azkenean, askotan rapa eta bertsoa lotuak direla entzuten da, baina bakarrik neurri bateraino lotuak dira. Hortik goiti, ezberdinak dira; beste kode bat da. Nik adibidez, bertsotan bat-batean ari naiz eta rapean ia beti idatziz.

Etorkizunean bideek 2Zio taldea nora eramanen dute?

Hori denborak erranen du, denborak bakoitza bere lekuan jartzen duelako. Gure asmoa da jotzen hastea disko berri hau aurkezteko eta gerora, ez dugu baztertzen beste disko bat prestatzen hastea. Hala ere, orain jotzeko garaia dator eta egindako lanaz gozatzeko ordua dator. Guk lan hau egiten gozatzen dugu, baina kontzertuak ezberdinak dira.