Argitxu DUFAU

Baxe Nafarroa bere Alternatibarako prest

Urriaren 10 eta 11n Donibane Garazi alternatiben bilgunea bilakatuko da. Asteburuan zehar iraganen diren animazio eta erakusketek alternatibak gauzatzen ahal direla frogatuko dute, baina batez ere eguneroko bizian martxan jartzen ahal direla erakutsiko dute.

Lehen Alternatibaren antolatzaileak, Baionan. © Bob EDME
Lehen Alternatibaren antolatzaileak, Baionan. © Bob EDME

Baionan edo Zokoan iragan ondoren, urriaren 10 eta 11n Alternatiba herrixka antolatuko dute Donibane Garazin. "Larunbatean gaur egungo egoera aztertuko dugu, jakiteko zeintzuk diren aterabideak, eta igandean, berriz, arlo guzietan alternatibak plantan jartzen ahal ditugula frogatuko dugu", azaldu du antolatzailea den Xabier Harlouchetek.

Nahiz eta Bizi mugimendua Baionan sortu den, ingurumenaren aldeko ekimenak Europako herrialde askotara hedatu dira. Euskal Herrian anitzak dira sortutako iniziatibak eta horien artean Bizi Barnekalde atzematen da. Hogei pertsonek osatzen duten taldea duela urte bat sortu zen eta gaur egun berrogeita hamar bat laguntzaile ditu.

Ostiralero, kideak 20.00etatik 22.00etara elkartzen dira eta Harlouchetek azaldu duenez, animatu nahi diren guziak ongi etorriak dira. Hain zuzen ere, urriko ekimenarentzat 150 laguntzaile behar dituztela azaldu du. "Jadanik batzuek izenak eman dituzte", gehitu du.

Cop21 iragan baino lehen, Bizi taldeko kideek herritarrak ingurumenaren aldeko neurriekin sentsibilizatu nahi dituzte eta batez ere, aldaketa klimatikoaren ondorioak azaldu nahi dizkiete. Horretarako, urriaren 10ean, 17.30etan gaiari lotutako hitzaldi batek Alternatiba herrixkari hasiera emanen dio. Ondotik, tokiko produktuak proposatzeaz gain, hitzaldi bat eta desfile bat prestatuko dituzte.

Alternatibekin bizi

Asteburuan zehar adin guziei zuzendutako ekimenak proposatuko dituzte, adibidez: kontzertuak, dantza ikusgarriak eta ipuin kontalariak. Igandean, parte hartzaileek beren lekukotasunak islatzen ahalko dituzte hamar bat gunetan. "Ez da bakarrik teoria izanen, alternatibak ere praktikan aurkeztuko ditugu", azaldu du antolatzaileak.

Baxe Nafarroan ekimena antolatzeko, taldeak lurraldea aztertu du eta bertan lantzen ahal diren arloak hautatu ditu. "Arlo eta eragile bakoitzak desmartxetan parte hartzeko helburua dugu. Ez dugu egun bakar batean gelditu nahi, alternatibekin bizi behar da", aipatu du.