Idoia Eraso

Seaskak ikasturte hasiera "historikoa" izan du

2015-2016 ikasturte hastapenean "marka guztiak" gainditu ditu Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak. Hiru ikastola berri ireki ditu eta ikasle kopuruari dagokionez «sartze historikoa» izan da: iaz baino 168 ikasle gehiago eta orotara 3.388. Botere publikoei dei egin diete baliabideak eman ditzaten.

Seaskako ordezkariak goizeko agerraldian. (Seaska)
Seaskako ordezkariak goizeko agerraldian. (Seaska)

Basusarriko ikastola berrian egin diote harrera prentsari. Seaskako presidente Paxkal Indo, eta zentro berri hori egitea posible egin duten guraso eta arduradun publikoak, Paul Baudry herriko auzapeza barne izan dira bertan. Hiru zentro berriak irekitzeko izan den auzapez eta hautetsien laguntza eskertu dute federaziotik, joan den urtean Ziburuko Kaskarotenean gertatu ez zen bezala.

Bigarren mailari dagokionez sail berrien irekiera nabarmendu dute. Inklusiorako Egitura Pedagogiko berria sortu dute Ziburuko Piarres Larzabal kolegioan. Lizeoari dagokionez 2017an ireki behar den eredu profesionalerako bidean lehen urratsa ireki dute, kudeaketa zientziena.

Kopuruei dagokionez iaz 31 ikastoletan 3.220 ikasle izan baziren, aurten 34 ikastoletan 3.388 dira, eta ikasturte bukaerarako 3.500tik hurbilduko da ikasleen kopurua.

Aurten Hezkunde Nazionalak emandako irakasle lanpostuen eskasa nabarmendu dute, 11 irakasleren lanpostua Seaskak ordaindu beharko duelarik. Botere publikoei eta zuzenki Estatuari zuzendu zaio Paxkal Indo presidenteak Hezkunde Nazionalak ez omen dituelako betetzen Seaskarekin eta Euskararen Erakunde Publikoarekin dituen hitzarmenak.

Seaskak Hezkunde Nazionalarekin urtero egiten duen kontratua sinatu gabe abiatu du ikasturtea. Negoziaketek abian segitzen dute.

Basusarriko ikastola berria

Biez Bai zentro berria Herriko Etxearen eta Errobi Herri Elkargoaren laguntzari esker errazki garatu den proiektua izan dela nabarmendu zuten bertako arduradunek eta Seaska. 9 haurrekin hasi dute ikasturtea "baldintza izugarri onetan".

Aurten ere Glisseguna antolatu dute Seaskarentzat dirua biltzeko. Angeluko hondartzan izanen da irailaren 20an.