ARIANE KAMIO

Memoriatik pasieran

Gernika batailoiak Grave puntan indar nazien aurka irabazitako gudua gaur egunera dakar «El Batallón Gernika» dokumentalak. Oso gutxitan argitara emandako pasarte historikoari hauspoa emango dio Iban Gonzalezek zuzendutako lanak.

Urriaren hasieran estreinatuko da. Omenaldi bat ere iragarri dute Gernikan. "Jende asko dago 70 urte eta gero oraindik merezitako errekonozimendua jaso ez duena", diote. © Naiz
Urriaren hasieran estreinatuko da. Omenaldi bat ere iragarri dute Gernikan. "Jende asko dago 70 urte eta gero oraindik merezitako errekonozimendua jaso ez duena", diote. © Naiz

Bigarren Mundu Gerraren hondarrak. 1945. Estatu frantsesa. Nazien gotorleku indartsu batek indarrean jarraitzen du Gironda inguruan. 4.000 soldadu, milaka mina, bunkerrak, tankeak. Jose Antonio Agirre lehendakaria erbestean da eta Leizaola eta Irujoren bitartez batailoi txiki bat sortzea lortuko du, 200 gudari ingururekin. Gernika batailoia da eta Kepa Ordoki izango du buruzagi. Bordeletik oso gertu, Médoc eskualdean, Grave puntan faxismoaren aurkako borrokan berebiziko garrantzia izango du.

Atzerritarrek osatutako Carnot brigadaren barruan aritu zen Gernika batailoia. Gudarietako batzuk UNEko (Unidad Nacional Española) militanteak ziren, komunistak, eta zazpik izan ezik, beste guztiek batailoian sartzeko hautua egin zuten. Euskal Herrian gerraosteko garaia zen, frankismoaren urterik gogorrenak, eta biztanle ugarik egoera latzak jota erbesterako bidea hartu zuen; haietako asko batailoira bidean jarri ziren Bidasoako muga pasa ondoren. Izan zen tartean Bizkaiko kostaldetik itsasoz Estatu frantseserako bidea hartu zuenik ere. Jose Antonio Agirrek bultzatako guda taldea izan bazen ere, esan bezala, Gernika batailoia ez zen soilik EAJko gudariz osatuta egon. Sozialistak, anarkistak, komunistak, abertzaleak nahasi ziren bilgune hartan.

Grave puntako batailan gertatutakoaz apenas ikertu, idatzi edo argitaratu izan da oraino. Historiaren pasarte kasik ezezaguna da askorentzat eta memoriatik berreskuratzeko bidean da orain "El Batallón Gernika" dokumentalaren bitartez. Baleukok ekoitzitako lana, Iban Gonzalezek zuzendu du. Postprodukzio fasean da dagoeneko, eta urriaren lehenengo astean eskainiko da telebistarako egindako ekoizpena; ETB1en, ETB2n eta Estatu frantseseko telebistan emango da.

Batailoiaren bilakaera

Bi arrazoi nagusi izan zituen Gernika batailoiak Bigarren Mundu Gerran Estatu frantsesean borrokan sartzeko. Faxismoa lurperatzea zen bata. Besteak, Euskal Herriko egoera iraultzearekin zerikusia zeukan. «Pentsatzen zuten frantsesei lagunduz gero nazien kontrako borrokan, Hitler eta Mussolini jauziko ziren moduan, Franco ere jauziko zela. Horrela itzuli ahal izango zirela Euskal Herria Franco botatzeko, aliatuen laguntza jasoko zutelakoan», azaldu du Iban Gonzalez zuzendariak.

Grave puntako gudua irabazi ostean, irudi ikusgarriak ikusi ziren Bordelen, borroka hartan parte hartu zuten gudarien desfilean –"Artxibo frantsesetatik Euskal Herrian sekula ikusi ez diren irudiak txertatu ditugu, Bordelen milaka lagunen aurrean ikurrin bat desfilatzen, esaterako"–. De Gaulle jenerala pasa zen tropa desberdinen aurretik, eta Gernikaren aurrean geldialdia egin zuen. Ordokiri berari esan zion Estatu frantsesak ez zuela sekula ahaztuko euskaldunek beraien alde egindako esfortzu eta sakrifizioa. "Baina bere hitzak jan zituen", gaineratu du; "beste behin ere gure historian errepikatzen den kontua".

Gernika batailoiak ez zuen sekula indar frantsesen babesik izan frankismoa zegoen tokitik kentzeko eta, une batez, hor amaitu zen bere ibilbidea. Gerora, jarraipena izan zuen, ordea. Agirre lehendakaria AEBekin tratuan ari zen, aliatuen alde egiteko, eta hitzarmen batera iristea lortu zuen. Batailoiko ehun gudari gailenenak Rothschild izeneko gaztelu batera eraman zituzten, Paris inguruetara, eta han, Ranger eliteko erregimentu militar estatubatuarraren entrenamendua jaso zuten. Helburua, entrenatzen ari ziren gudari haiek Euskal Herrira itzultzerakoan beste herritar batzuei ikasitakoa erakutsi eta Ertzaintzaren sorrera bultzatzea.

Rothschildeko entrenamenduak abian zirela, orduko AEBetako presidente zen Franklin D. Roosevelt hil egin zen. Harry S. Truman izan zuen ordezko eta aurretiazko asmo oro hankaz gora jarri zuen. «Gerra Hotzaren lehen haizeak heldu ziren, eta, faxistak beharrean, aurrerantzean komunistak bihurtu ziren etsai. Beldur horregatik erabaki zuen Trumanek Francoren aurka ez egitea eta beste behin ere Gernika batailoia desmobilizatu egin zuten Rothschildeko gaztelu hartan. Hura izan zen behin betiko amaiera», azaldu du Gonzalezek.

"Berez amaiera tristea da, baina ez da hain txarra", dio. "Praktikan ez zen berez nahi zen guztia lortu baina badu balio berezi bat; amets baten truke nolako konpromisoa zeukaten garai hartako euskal herritarrek. Lortzen duguna ez da izaten beti hasieratik nahi dugun guztia, baina batzuetan bideak ere badu bere balioa», nabarmendu du zuzendariak. Eta jarraitu du: "Gaur egungo gizarteak eduki beharko lukeenarekin antz handia dauka. Eduki beharko genuke garai hartan herriak zeukan bateratasun hori, eredu bezala hartu beharko genuke. Metafora polita da Gernika batailoia», ohartarazi du.

Fikzioa eta dokumentala

Ikerketa eta dokumentazio lan eskerga izan du “El Batallón Gernika” dokumentalak. Are gehiago fikziozko sekuentziak eta protagonista zenbaiten adierazpenak tartekatzen dituelako. Hogei lagun baino gehiagoren hitzak bildu dituzte lanean; historialariak, senideak, Médoc bertako biztanleak, Iñigo Urkullu Lakuako lehendakaria... Baina bada bat besteen artean gailentzen dena. Gernika batailoitik bizirik dirauen gudari bakarra: Paco Perez Luzarreta. Nafarra jaiotzez, Irunen bizi da aspalditik. Bera izango da hari nagusia. Dokumentala egiten ari zirela informazio berri asko jaso zuen taldeak eta egoera harrigarriak ere bizi izan dituzte. Donostiako familia batena, esaterako. «Anaia bat gaztetan desagertu zen eta handik hilabete batzuetara Frantziatik eskutitza iritsi zen etxera, bere heriotzaren berri emanez. Ez zuten ordutik ezer gehiago jakin. Batailoiko dokumentazioa begiratzerakoan eta ikerketa prozesuari esker, familia horrek jakin izan du anaia hura Gernika batailoian hil zela, Kota 40an izandako guduan. Egin duzunarekin eragin izatea izugarria da", agertu du.

"Badago teoria bat esaten duena dokumental batean kontatu egiten dela zer gertatu zen, eta pelikula batean, aldiz, ikusi egiten dela jazotakoa. Niri gustatzen zait nahastea bi gauza horiek», adierazi du Gonzalezek. Orain arte oso lan gutxi egin dira Gernika batailoiaren inguruan, «txosten batzuk, liburuxkaren bat», baina dokumentalaren aurretik egindako ikerketa lana informazio emari berria izan da, kasik ezezagunak ziren datu eta pasarte asko azaleratu baititu. «Hainbeste informazio geneukan, hainbeste xehetasun, batailoiaren gaineko fikziozko filmatzea egoera oso zehatzetara mugatu dugula», gaineratu du.

Pasa den martxoan abiatu zituzten grabaketa lanak eta lau hilabetez luzatu dira. Protagonistekin egindako elkarrizketak Ipar eta Hego Euskal Herrian eta Estatu frantsesean garatu dira. Fikziozko sekuentziena, ordea, lan korapilatsuagoa izan da. Ehun figurante inguruk parte hartu du grabaketan –batzuk Estatu frantsesekoak, besteak euskal herritarrak–, guztiak protagonismo berberarekin. «Aktore batzuk ere egon dira, baina gehienak figuranteak izan dira. Baina ez da bigarren mailan dagoen jendea. Guztiek sekulako inplikazioa izan dute. Hemen ez dago aktore printzipal eta sekundariorik», argudiatu du. Eszena gehienak, gainera, batailoiaren borrokak irudikatzen dituzten akziozko uneak izan dira. «Akzio sekuentziak izan dira gehienak eta oso gogorra da hondartzan gora joatea, lurrera botatzen aritu beharra... Bikain aritu dira denak».

Lokalizazioei dagokienez, fikzioa toki desberdinetan grabatu da. Labenneko kostaldean, esaterako. "Grave puntan ere izan ginen, baina Labenneko kostaldeak antzekotasun handia du leku harekin, eta une asko bertan grabatu genituen», esan du. Loiolan eta Zierbenako Luzuero puntan ere egin zen filmatzea. "Sekuentzia batean lau leku desberdinetako tomak ikus daitezke, baina sentsazioa beti da leku berberarena. Gauza batzuk oso konplikatuak izan dira postprodukzioan", azpimarratu du. Efektu bereziak ere tartekatu dituzte, leherketak, esaterako.

Estatu frantseseko bi espezialistaren laguntza izan zuten lan horietarako. Muntaketa kasik bukatuta, postprodukzio fasean da dagoeneko “El Batallon Gernika” dokumentala. Zantzu guztien arabera urriaren lehenengo astean eskainiko da, litekeena da hil horren 7an izatea. Horrez gain, omenaldi bat ere egingo dutela iragarri du Gonzalezek. Gernikan izango da, «jende asko baitago 70 urte eta gero oraindik merezitako errekonozimendua jaso ez duena».

Urriaren hasieran estreinatuko da. Omenaldi bat ere iragarri dute Gernikan. «Jende asko dago 70 urte eta gero oraindik merezitako errekonozimendua jaso ez duena», diote.