Kattin Chilibolost

FDSEAko laborariek krisian segitzen dute

Aldi honetan ere, Manuel Valls ministroaren proposamenek laborariak ez ditu satifos utzi. Arazoaren gibelatzea besterik ez duela ekartzen salatu dute Ipar Euskal Herriko FDSEAko ordezkariek.

Jeunesses Agricoles eta Fdseako sindikalistek prezio zuzenen aldarrikatzeko protesta andana daramatzate azken hilabeteetan. (Jeunesses agricoles)
Jeunesses Agricoles eta Fdseako sindikalistek prezio zuzenen aldarrikatzeko protesta andana daramatzate azken hilabeteetan. (Jeunesses agricoles)

Irailaren 3an, Fédération des syndicats des exploitants agricoles (FDSEA) delako sindikalisten kexaren harira, frantses Estatuko Lehen Ministroa den Manuel Vallsek laborarien krisiari aurre egiteko neurri berriak aurkeztu ditu. Hiru urtez 3 miliar bat euroko inbertsioa eta zergen ordaintzeko “urte txuri” bat hitz eman ditu, besteak beste. Erabaki “etsigarriak” departamenduko FDSEAko arduradun den Patrick Etchegarayentzat.

"Berriz ere arazoa atzeratzen duten neurriak besterik ez ditu eman". Etchegarayk dioenez, laborariak beren jardueraren araberako bizitza posible egiten duten prezio zuzenen zain dira oraino. Nahiz eta zergen atzeratzeak eta diru prestakuntzak egoera larrienetan direnak lagunduko dituela uste duen, FDSEAko kideak argi utzi du neurri horiek ez dietela laborarien oinarrizko eskakizunei erantzuten.

"Gobernuak industriaren eta banatzaileengan presioa eginen zuela espero ginuen. Horretaz ezer ez da izan”. Nahiz eta sindikalistak ulertu gobernuak ez duela aipatutako enpresengan esku hartze zuzeneko ahalmenik, nolabaiteko hertsadura egiteko kapazitaterik ez duenik ez du sinesten.

"Segitu behar da"

Patrick Etchegarayk adierazi duenez, estatu mailako sindikatuaren iritzia partekatua litzateke Lehen Ministroaren erranen aitzinean. Gauzak horrela, lurralde bakoitzeko sindikalistek erabaki beharko dute ea mobilizazioei segida eman ala bere horretan utzi. Dena den, sindikatako ordezkariaren ustetan, laborarien kexak eta protestak ez dira geldituko ; "banatzaileen eta industriengan presioa egiten segitu behar da".

Frantses Gobernu eta FNSEAko buruen arteko negoziaketak azken hilabeteetan sindikalistek eragindako presio pean gertatu dira. Irailaren 3an berean, Parise helburu, Euskal Herriko hamabost bat laborari abiatu ziren Pauetik. Sindikatuaren eta gobernuaren arteko negoziazioetan presioa egitearren, Estatuko beste lurraldeetako FDSEAko laborariek ere estatu mailako deialdiari erantzun eta desmartxa errepikatu zuten, eta frantses Estatuko hiriburuko trafikoaren trabatzea lortu zuten.