Kazeta

Taubirak presoen hurbilketa eskaerei erantzunen die

Frantses eta Espainiar estatuetako Justizia ministroen bileraren ostean, frantses gobernuak euskal presoen banakako hurbilketa eskaerak tratatuko dituela baieztatu du Christiane Taubirak. Horrez gain, estatu espainiarreko homologoei gaiaren berri ematen diela adierazi du.

Frantses estatuak presoen banakako eskaerak kontuan hartzen dituela adierazi du Christiane Taubira Frantses estatuko justizia ministroak. (©Wikipedia)
Frantses estatuak presoen banakako eskaerak kontuan hartzen dituela adierazi du Christiane Taubira Frantses estatuko justizia ministroak. (©Wikipedia)

EFE berri agentziak Christiane Taubira eta Rafael Catala (hurrenez hurren frantses estatuko justizia ministroa eta espaniar justizia ministroak) izandako bilkuraren berri eman du. Atzo, buruilaren 2an, bildu ziren bi ministroak Parisen. EFEren arabera, beren arteko elkarlana "bikaina" dela adierazi dute bilkuratik atera ondoan. Eta euskal presoen lekualdatzea "gardentasnez" daramatela gehitu dute.

Zentzu horretan, frantses gobernuak banakako hurbilketa eskaerak kontuan hartzen dituela adierazi du C. Taubirak. Aldi berean, estatu frantsesak bere hitza betetzen duela baieztatu du, bere homologo espainiarra kartzeletan dagoen preso kopuruaz jakinean atxikitzen duen heinean.

Presoen hurbilketari dagokionez, C. Taubirak adierazi du hainbat baldintza kontuan hartuko zirela. Hots, kondenaren iraupena eta kartzelen segurtasun maila. "Orokorrean, kondenek senideen hurbiltasunaren eta bergizarteratzearen ezaugarriei lotuak" izan behar dutela gehitu du.

Chritiane Taubiraren esanetan, jadanik sei euskal preso Mont-de-Marsaneko kartzelara hurbilduko lituzkete. Gainerateko banakako eskaerak, betiere aipatutako baldintzen arabera, "satisfos" geldituko direla gehitu du Christianne Taubirak.

Espainiar estatuko ministroak, berriz, bi instituzioen artean etengabeko informazio trukaketa daramatela baieztatu du. Dena den, Estatu espainiarrak bere espetxe politika eta ekinbide propioak mantenduko dituela ohartarazi nahi izan du. Hain zuzen ere, Rafael Catalaren erranen arabera, estatu espainiarrak presoen hurbilketa azter lezake "banakako erabakiak, bergizarteratzeko nahia eta ETA erakunde armatuari muzin egiteko prestutasuna", besteak beste, agertzen diren kasuetan.