naiz

Sortuk Taubiraren gabinete buruarekin bilkura egin zela baieztatu du

Hainbat egunkariren argitalpenaren ostean, Colette Capdevielle (PS) diputatuak uztailaren 8an Frantziako Justizia ministroaren ordezkari goren baten eta presoen eskubideen defentsan ari diren ordezkarien arteko bilkura baten berri eman zuen. Gaur Sortuk baieztatu du bilkura hori, Alain Christnacht gabinete buruarekin egin zela dio eta «euskal presoen geroa» izan zutela mintzagai nagusia. Bake Konferentziaren testuinguruan kokatu du.

Ohar labur baten bidez pasa den uztailaren 8an Parisen, Justizia Ministeritzan Christiane Taubira ministroaren gabinete buruarekin presoen gaia lantzeko bilera bat izan zela baieztatu du Sortuk. Alain Christnachtekin egindako bilkura hilabete lehenago Parisen bertan izan zen Bake Konferentziarekin lotu du Sortuk, haren ondotik etorri zela aipatuz.

Landutako gaien inguruan «frantziar estatuan espetxeratuak diren euskal presoen geroa» izan zutela hizpide dio alderdi abertzaleak.

Egoitza nagusia Madrilen duten bi hedabide taldek eman zuten lehenbizi bilkura honen berri, presoen eskubideen aldeko ordezkaritza bat bildu zela Parisen Justizia ministroaren ordezkariekin. Gaiaz galdetuta Colette Capdevielle (PS) diputatuak baieztatu zion bilera AFP agentziari. «Lehen bilkura» bat izan zela zioen diputatu baionarrak eta «keinu politiko garrantzitsua» izan zela. AFPk Taubiraren gabineteko bozeramale bat aipatuz «kasuz kasu euskal presoak gerturatzeko borondatearen baieztapena» jaso zutela euskal ordezkariek adierazi zuen.

Taubira ministroak berak atzo Rafael Catala Espainiako Justizia ministroarekin izandako bilkuraren ostean berretsi zuen bere jarrera. Gerturatze eskaerak «bergizartzeratze eta familiarekiko gerturatze» argudioen arabera aztertzen direla esan zuen, eta «irizpide horien baitan direnak hobetsi» egingo dituztela.

Espainiako Gobernua egiten ari denarekin alderatuz gero jarrera oso kontrajarria izan arren, Catala ministroak bi exekutiboen arteko elkarlana «izugarri ona» dela adierazi zuen. Madrilen eskakizunekin lotura handirik izan ez arren Taubirak dioenak, Catalak esan zuen «bergizarteratzeko borondatea dagoenean» gerturatze mugimendu horiek egin ahal direla eta hori dela «mugaren alde batera eta bestera gertatzen ari dena».

Konferentziaren osteko bilkura

Oharrean Parisen izan zen Bake Konferentziaren ostean egin zela bilera dio Sortuk. Saio hartan 110 pertsona ezagunek bakearen aldeko manifestua sinatu zuten. Presoen auziak garrantzi berezia hartu zuen azken agiri horretan. Dispertsioa bertan behera uzteko eskaria jaso zuen manifestuak, gaixo ziren presoak berehala aske uztekoa eta hala dagokion kasuetan espetxe onurak aplikatzekoa. ETAri armagabetzean bururaino ekiteko deia ere jaso zuen manifestuak eta estatuei gatazkaren konponbidean egiz engaiatzekoa.