Kazeta

Auzolan, elkartasunaren kafeak

Hendaiako Herriko Etxeak auzokideen arteko elkartasuna, hau da, auzolana, sustatzeko guneak idekiko ditu.

Orio auzoko gazteek egindago tag delako bat. DR
Orio auzoko gazteek egindago tag delako bat. DR

Hendaiako Herriko Etxeak auzo jakin batzuetako biztanleen arteko zerbitzu trukaketa eta elkarlaguntza helburu dituzten gune berriak ideki nahi ditu. Egitasmoa untsa irudikatzen duen izena jarri diote proiektuari, hots, Auzolan. Ideia gauzatzearren, Herriko Etxeak lokala eta kafea urririk utziko lituzke, gunearen kudeaketa eta erabilera, aldiz, herritarren esku geldituko den bitartean.

Hasiera batean, Orio eta Dongoxenia auzoetan baizik ez dira martxan jarriko auzolan guneak. "Dangoxeia auzo berri bat da eta jendeak elgar ezagutzen ez duelakoan, beraien arteko harremanen sortzeko aukerei pentsatu dugu", azaldu du Hendaiako auzapezorde den Iker Elizaldek. Lehen aldikotz, irailaren 12an idekiko dute Dongoxenia auzoko Auzolan gunea. Hortik harat, hilabete batean Dongoxeniakoak, eta bestean Orioko guneak hilabeteko bigarren larunbat oro idekiak izanen dira.

Iker Elizaldek proiektuaren garapena luzaroko denboran ikusten du. Helburua, dioenez, emeki-emeki guneen kudeaketa osoa auzokideen gain bilakatzea da, eta Herriko Etxeak proiektuan duen esku hartzea desagertzea. Hartara heldu aitzin, Auzolanek 1 500 euroko aurrekontua du, "kafearen gastuen ordaintzeko", zehaztu du Elizaldek. Egitasmoaren lehen bilan bat 2016ko ekainean eginen dute.