Argitxu Dufau

Xilintxak jo du Biriatuko lehen ikastolan

Seaskak urtero idekitzen ditu ikastola berriak. Biriatuko gurasoen nahikeriaren ondorioz, bost haurrek herriko lehen ikastolan hasi dute ikasturtea.

Hurrengo sartzerako haur gehiago erakarri nahi lituzkete Biriatuko ikastolara. © Isabelle Miquelestorena
Hurrengo sartzerako haur gehiago erakarri nahi lituzkete Biriatuko ikastolara. © Isabelle Miquelestorena

Bi urte lanean ari izan ondoren, buruilaren 1ean Biriatuko lehen ikastolak ateak ireki ditu. Bi urte eta erdi eta 5 urte arteko bost haurrek bertan hasi dute ikasturtea, eta seigarren bat horiengana hurbilduko da urtarrilean.

“Herriari eta euskarari lotua girelako dugu ikastola honen sortzea erabaki”, azaldu du Biriatuko ikastolako idazkari den Jean-Christophe Haranburuk. Ama ikastola, herriko ezker pareta eta eskola publikoaren artean kokatua den etxe batean plantatu da.

Hastapen batean, gurasoek proiektua Herriko Etxeari aurkeztu zioten lokal publiko baten ukaiteko itxaropenez. Nahiz eta gauzak ez diren arras horrela gertatu, herriak laguntza logistiko bat eskaintzen du. Besteak beste, haurren harreran eta beren zaintzan laguntzen du.

Ikastolaren lehen gastuen ordaintzeko, Biriatuko ikastolak apairu bati pentsatu du. Urriaren 3an, larunbatarekin, ikastolak Kuxk txarangak alaitutako zikiro bat eskainiko du.