Argitxu Dufau

Arra haste!

Uztaila eta agorrila oporretan iragan ondotik, haur eta nerabeak berriz eskolarat itzultzen dira aste honetan. Ikastetxe batzuk lasaitasun denboraldi hori baliatu dute ikasturte berriarentzat berrikuntza batzuen egiteko.

17 000 ikaslek beren sartzea ipar Euskal Herriko eskola publikoetan eginen dute. © Gaizka Iroz
17 000 ikaslek beren sartzea ipar Euskal Herriko eskola publikoetan eginen dute. © Gaizka Iroz

Irakasleak joan den astean edo atzo eskolarat jinak baziren, gaur, irailaren 1ean, haurrek dute beren sartzea egin. Ikastetxe batzuk udako geldialdiaz baliatu dira beren barneen freskatzeko edo berritzeko. Hala nola Angeluko hiriak, CM1 eta CM2 geletan bideo proiektatzaile interaktiboak jarriko baititu.

Angeluko auzapez den Claude Olivek gisa horretako 23 tresnen instalazioaren berri eman du. Orotara, 46 630 euro balio du dispositibo horrek. “Ez da gauza erraza Estatuak diru laguntzak murrizten baititu. Hirugarren zikloko ikasgeletan baizik ez ditugu aparatuak jarriko” dolutu da auzapeza. Irakasleek tresneriarekin trebatzeko aukera izan dezaten, Hezkuntza ministerioak lehenbiziko hauei formakuntza bat segurtatzen dien agiri bat izenpetu du.

Gailu berri horrek interneten diren ariketa batzuk irakasleen esku uzten ditu. Ikasleek arreta zorrotzago bat lukete arbel interaktiboak erabiltzerakoan. Besteak beste, irakasle eta gurasoen arteko harremana ere ahalbidetzen du. Akademiako zuzendariak dispositibo berria txalotu du : “etorkizunerako bidea egin da” bere hitzetan.

Eskolen karta

Azken honek eskolen erritmo berriari aipamena egin dio. “Departamendu mailan, oraino 22 eskolek ez dute martxan jarria”. Auzapezorde den Nicole Durassek baieztatu du eskola kanpoko jarduerek “zinezko arrakasta” zutela, ama eskolako haurren %95ek eta lehen mailako  %91k jarduera horietan parte hartu baitute.

Akademiako lehen estimazioen arabera, 17 000 ikaslek beren sartzea ipar Euskal Herriko eskola publikoetan eginen dute. “kopuru egonkorra” Pierre Barrièren arabera. “Kostaldeak ikasleak irabazten ditu”, barnekaldean aldiz, egoera ez zela “hain argi” azaldu du. Iduri zaio oraino goizegi dela eskola karta berriaz hitz egiteko. "Kopuruak ez dira finkoak, laster zehaztuko dira, eta orduan egokitzapenak eginen ditugu”.

Gela bakarreko eskolei dagokienez, akademiako zuzendariak tribunalen epaia segitzen du. Hain zuzen ere, udako oporrak baino lehenago hainbat gurasok 5 urte peko haurrak klase bakarrean eskolatu ahal izateko errekurtsoa jarri zutela oroitu du. “ Ez da ikasleen onerako aritzea zortzi mailetako klase bakarrean ezartzea. Hobe da 15 sei mailatan jartzea, klase bakarra horretarako egina da”.