Naiz

Ia hiru hamarkada eta gero emititzeko lizentzia lortuko du Euskalerria irratiak

Azken tramiteen faltan, eta oker handirik ezean, FM-n emititzeko lizentzia izango du Euskalerria irratiak. Ia hiru hamarkada daramatza Iruñerriko irrati euskaldunak emititzen, eta lizentzia eskean, eta orain lortu du zegokion lizentzia. Aldaketaren aroan iritsi bada ere, Barcinaren gobernuak ezarritako kontratazio mahaiaren proposamena da.

Ia hiru hamarkada daramatza Iruñerriko irrati euskaldunak emititzen.
Ia hiru hamarkada daramatza Iruñerriko irrati euskaldunak emititzen.

«1987ko azaroaren 7an hasi zen emititzen Euskalerria Irratia. 2015eko abuztuaren 28an heldu zaio emititzeko lizentzia». Hala diote euren webgunean Iruñerriko irrati euskaldunekoek, Nafarroako Gobernuak FM lizentzietako bat berari emateko erabakiaren berri jaso eta berehala. Aldaketaren gobernuarekin dator lizentzia, baina aurreko exekutiboari 1998ko lizentzia banaketa errepikatzeko iritsi zitzaion agindu judizialaren ondorioz.

Espainiako Auzitegi Gorenak erabaki zuen orain hamazazpi urteko esleipen haren azken fasea errepikatzea, Barcinaren gobernuak kontratazio mahaia osatu zuen lan horiei heltzeko eta honen bidez heldu da Nafarroako Gobernu berrira FMko lizentzia berriak Net21 izeneko irrati bati eta Euskalerria irratiari esleitzeko proposamena.

Kontratazio mahaiaren gomendioari segiz bi irratiek esleipenean aurreikusitako dokumentazio guztia aurkeztu beharko dute hurrengo egunetan, horiek jasota Foru Arau bidez jakinarazi beharko du Nafarroako Gobernu berriak FM lizentziaren behin-betiko esleipena.