Iurre BIDEGAIN

Bernard Cazeneuve Barne ministroaren bisita Lapurdin

Estatu frantseseko Barne ministroa den Bernard Cazeneuvek Lapurdi bisitatu du abuztuaren 28an. Tokiko hautetsiekin eta departamenduko prefetarekin batera, goizean Baionako suprefetura bisitatu du. Ekimenaren karietara, EH Baik eta Aitzinak elkarretaratzea antolatu dute 12.30etan.

Goizean, Barne ministroak Baionako suprefeturaren zerbitzuak bisitatu ditu.
Goizean, Barne ministroak Baionako suprefeturaren zerbitzuak bisitatu ditu.

Goizean goizetik, komunikabide anitz Baionako suprefeturaren aitzinean bildu dira. Abuztuaren 27an iragarritako programak zioen bezala, 10.30ak aldera Estatu frantseseko Barne ministroa den Bernard Cazeneuve suprefeturara ailegatu da.

Bertan, besteak beste Frédérique Espagnac senataria, Sylvianne Allaux eta Collette Capdevielle diputatuak, Max Brisson UMP alderdiko kontseilaria eta Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray presente izan dira.

Departamenduko prefeta den Patrick Dallennesek gidatuta, Cazeneuvek prefekturaren zerbitzuak bisitatu ditu eta ondotik hautetsiekin batera mahai-inguru batean parte hartu du. Oroitarazi behar da, Baionako prefekturan Estatu frantseseko zerbitzu ezberdinak biltzen direla.

France 3 komunikabidean, Cazeneuvek prefektura "Estatuaren etxea" bezala definitu du. Barne ministroaren iritziz, "zerbitzu horiek bateratu behar dira, funtzionamenduaren gastuak murrizteko eta zerbitzu publikoen kalitatea hobetzeko". "Estatuaren presentzia handitzen dugu, presentzia hori beharrezkoa duten lurraldeetan", gehitu du.

12.30etan EH Baik eta Aitzinak "Ezagupen instituzionala eta gatazka konponbidea orain!" lemapean elkarretaratzea antolatu dute. 

"Lankidetza ezin hobea"

Arratsaldean, Bernard Cazeneuvek Hendaiako mugen arteko poliziaren kooperazio zentroa bisitatuko du. Bere ustez, "Estatu frantsesa eta espainiarraren arteko lankidetza ezin hobea da". Hainbat gatazkei aurre egiteko, "kooperazio hori beharrezkoa" iruditzen zaio.

Komunikabidean gaurkotasunari dagoen Macron legearen inguruan galdegin diolarik, Barne ministroak Lapurdi bisitatu duela "bakarrik aurreikusitako gaiak aipatzeko" esplikatu du.