Kattin Chilibolost

Hiru kontinente elkarlanean, Garroa gaztelua berritzeko

Abuztuaren hasieratik, 15 gaztek Lekorneko Garroa gazteluaren terraza berritu dute. Boluntarioak mundu osotik etorritakoak dira, besteak beste, Ukraina, Errusia, Japonia, Turkia, Algeria, Letonia eta Alemania.

Parte hartzaileek Garroa gazteluko terraza berritu dute. ©Isabelle Miquelestorena
Parte hartzaileek Garroa gazteluko terraza berritu dute. ©Isabelle Miquelestorena

Hiru kontinenteetatik etorritako gazteak Lekornen elkartu dira Garroa gazteluko kanpoaldea berritzeko. Abuztu hasieratik bost egunez, bost orduz, lan egin dute eta gelditzen zitzaien denboran aktibitateetan parte hartu dute. Egitasmo honi esker, tokiko ohitura eta kultura ezagutu dute.

Proiektua Concordia elkarteak abiatu du. Nazioarteko taldea munduko 60 herrialdeetan presente da. Egitasmoan parte hartu nahi duen bakoitzak 180 euroko inskripzioa pagatu behar izan du eta horri esker bidaiaren gastuak ordainduak zitzaizkio. Elkarteak egonaldiaren beste gastuak beregain hartzen ditu.

Uda honetan Concordiak Akitania eta Euskadirekin partaidetza abiatzea erabaki du. Elkarlan honi esker, Ipar eta Hego Euskal Herriko harremanak sendotu dira. "Kultur amankomun bat dutela ulertzeko parada eskaini du", azaldu du Italiatik etorritako Michael Rossi Pozzetti parte hartzaileak.

Hamaika proiektu

Ez da lehen aldia elkarteak Euskal Herria bisitatzen duela; bada hogei bat urte zazpi lurraldeetan proiektuak gauzatzen dituela. Arlo guzietako proiektuak egiten dituzte: sozialak, ingurumenaren aldekoak, kulturalak eta ondareari lotutakoak.

Ez da Garroara lan egitera etortzen garen lehen aldia, herri elkargoa pozik da gu hemen egon garelako", aipatu du eskualdeko elkarteko ordezkaria den Jérome Fargerrek.