Kazeta

Behin­-behineko espetxealdian diren bi abokaturen bakartzea salatu dute

Atxilotuak diren Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak sufritzen duten bakartze egoera salatzeko, 146 pertsonek salaketak jarri dituzte Bilboko epaitegietan. Biak, 2014eko urtarrilaren 8an atxilotu zituzten, Euskal Preso Politikoen kolektiboaren kontrako operazioan.

Salaketa jarri dituztenak Bilboko epaitegiaren aitzinean.
Salaketa jarri dituztenak Bilboko epaitegiaren aitzinean.

146 pertsonek Arantza Zuluetak eta Jon Enparantza abokatu atxilotuek sufritzen duten "bakartze ilegalagatik", salaketa partikularrak aurkeztu dituzte Bilboko epaitegian, abuztuaren 26an. Hain zuzen ere, Estatu espainiarreko Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusia den Angel Yuste, Puerto III espetxeko zuzendaria den Miguel Angel Rodriguez eta Segoviako espetxeko Jose Maria Garciaren kontra jarri dituzte.

Zulueta eta Enparantza 2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zituzten, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekari taldearen kontrako operazioan. Geroztik, behin-behineko espetxeratzean dira.

Salaketak jarri dituztenek, bi atxilotuak "bakartzean atzemaiten" direla gogoratu dute. "Biak modulu berezietan dira eta eremu horiek zigorrak betetzeko funtzioa dute". Azaldu dutenez, bi moduluetan "ez dago sala amankomunik eta ez dute kirol aktibitate edo kulturalik egiten".

Halaber, "Arantza guztiz bakarrik dago atxilotu zutenetik eta egoera hori legez kanpokoa da", esplikatu dute. Zuluetaren kasuan bakartzearen "salbuespen neurria, normala bilakatu da".