Kattin Chilibolost

Intermarché saltegiak AEK-ren alde

Ipar Euskal Herriko Intermarché saltegien sarreretan, AEK-ko koloreak dituzten kabak eskuratzen ahal dira.

Saltzen den kaba bakoitzeko, 0.05 zentimo bideratzen dira elkarteari. © Isabelle Miquelestorena
Saltzen den kaba bakoitzeko, 0.05 zentimo bideratzen dira elkarteari. © Isabelle Miquelestorena

Uda hasieratik, AEK-ren logoa duten eskuzareak lortzen ahal dira Ipar Euskal Herriko Intermarché saltokietan. Kaba bakoitza 1.79 eurotan saldua da eta prezioaren 0.05 zentimo, euskararen alde lan egiten duen elkarteari bideratuko dira.

Iniziatiba Bidarteko Intermarché saltokiko jabea den Bruno Breynek abiatu zuen. Bere hitzen arabera, AEK elkartea sustatzeko gisa bat atzeman nahi zuen. Ildo horretatik, Ipar Euskal Herriko Intermarché denden izenean, elkarteko logoa duten kabalak merkaturatzea proposatu zuen. "Eskuzareak saltzearen egitasmoarekin, elkarrekin lan egiten dugula erakusten dugu eta gisa horretan begiz toki zabal bat eskaintzen diogu elkarteari", azaldu du.

Ipar Euskal Herriko Intermarché saltokiak bada bi urte Korrikako partaideak direla. Ildo horretatik, euskararen aldeko lasterketaren jantziak saldu ohi dituzte. Halaber, dendek elebiduntasuna ziurtatzeko lan egiten dute. Ipar Euskal Herriko saltoki gehienek euskara islatzen dute beren tauletan.

AEK-ko kidea den Jakes Bortayrouk elkarteak enpresen artean babesleak bilatzen dituela esplikatu du. Horren eraginez, Intermarché saltokiekin lankidetza abiatu zuen. "Tokiko produktuei lehentasuna eman nahi diegu, elkarte kulturalak eta kirol taldeak sustatu nahi ditugu", zehaztu du Bruno Breynek.