Kazeta

Etxebizitza ministroa den Sylvia Pinel, Bunuzen

Inxausetako solasaldiak abuztuaren 28an iraganen dira Bunuzen. Aurten, Estatu frantseseko Etxebizitza ministroa den Sylvia Pinelek eztabaidei hasiera emanen die.

Supazterra elkarteak ekimena antolatzen du. © Gaizka Iroz
Supazterra elkarteak ekimena antolatzen du. © Gaizka Iroz

Supazterra elkarteak antolatzen duen eguna ekimen garrantzitsu bat bilakatu da Ipar Euskal Herrian. Adituak, eragile sozialak, sindikalistak edo izen handiko funtzionarioak Bunuzeko Inxauseta kanpinean elkartuko dira abuztuaren 28an. Estatu frantseseko Etxebizitza ministroa den Sylvia Pinelek solasaldia idekiko du, 13.30etan.

Hitzaldietan parte hartuko dutenek oinarrizko eskubide hau segurtatzeko hartu beharreko neurriei buruz eztabaidatuko dute. Zer atxiki behar da eredu frantsesean? Zein ideia hartzen ahal da Europako gainerateko estatuetatik? Ekimenean parte hartzeko Inxausetaren webgunean izena eman behar da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Sylvia Pinel ministroa Haute-Garoneko etxalde batean sortu zen eta, gaur egun, Ezkerreko Alderdi Erradikaleko kide da. Bere ibilbidean etxebizitzaren sarbiderako sortutako Dufflot edo Alur legeen sorreran zuzenean parte hartu du. Berekin batera, hamar bat hizlarik beren esperientziak kontatzeaz gain, arazoarekiko duten ikuspegia azalduko dute.

Duela berrogei urte Supazterra elkartea ekimen hau antolatzen hasi zen. Bere lehendakaria den Jean-Luc Berhok urtero berrikuntzak ekartzen ditu.