Iurre BIDEGAIN

Norabide aldaketa bat Donibane Garaziko bestentzat

Abuztuaren 14tik 16ra iraganen diren Donibane Garaziko bestak berrikuntzaz beterik heldu dira. Horien artean, ostatu guziek proposatuko dituzten baso berrerabilgarriak edo ostiralean Betagarri taldeak eskainiko duen kontzertua.

Aurten bestek hiru egun iraunen dute. ©Gaizka Iroz
Aurten bestek hiru egun iraunen dute. ©Gaizka Iroz

Donibane Garaziko besten komiteko bulegoaren partaideak aldatu dira eta horiekin batera berrikuntzak ailegatu dira. Aurten elkarteen eta komitearen arteko lankidetza sendotzeaz gain, neurri berriak plantan jarriko dituzte.

"Garaziko bestak beti ongi dira, baina komitearen lana indartzea erabaki dugu. Orain arte herriko ospakizunak ostatu besta bat bezala ikusi dira eta hortik urrundu nahi izan dugu", esplikatu du komiteko kidea den Kamila Gratienek.

Joan den urteko elkarteen egunean baso berrerabilgarrien saiakera egin zuten, baina aurten Herriko Etxearen parte hartzearekin hiru egunetan ostatu guziek proposatuko duten neurria izanen da. "Praktikoagoa da eta herria garbiagoa mantentzeaz gain, ingurumenaren aldeko apustua da", aipatu du kideak. Euskal Herriko Bestetan murgilduta den sistema da. Lehen tragoan euro baten truke basoa eskuratzen da eta bukaeran itzuli nahi bada, euroa errekuperatzen da.

Apustu musikala

Programan atzemaiten diren aktibitateetan abuztuaren 14an Betagarrik eskainiko duen kontzertua nabarmentzekoa da. "Talde ezagun bat ekartzearen apustua egin dugu, jendea etorrarazteko. Ongi ibiltzen bada, urtero hori egin nahiko genuke", azaldu du. Baxe Nafarroan adin guziak biltzen dituen taldea da, Komiteko partaideak esplikatu duenez. Hamar euroren truke sarrera eta baso bat lortzen ahalko dira.

Abuztuaren 16an elkarteen eguna ospatuko dute. Aurten talde guziek komiteak antolatutako bilkuretan parte hartu dute eta horri esker elkarlana sendotu da. Egun horretan Garazi-Baigorri Etorkizuna elkarteak "hustu-urririk" elkar trukatzeko eremua antolatuko du.

Bertan mota guzietako gauzak elkar trukatzen ahalko dira: liburuak, jantziak, objektuak... Helburua xahutzearen kontra aritzea da. Horretarako, 16.00etatik goiti, norberak nahi duena urririk hartzen ahalko du, trukean bere objektu bat ekarriz, edo ez.

Gainera, gune berdinean, Baxe Nafarroko Alternatiba taldea ere presente egonen da. Tokiko garagardoak saltzeaz gain, bere dinamika esplikatuko du.