Iurre BIDEGAIN

Elkarlana, Azkarateko ikastola berriaren zimendua

Irailaren 1ean, Azkarateko ikastola berriak ateak idekiko dizkie hamahiru ikasleri. Data ailegatu baino lehen, egun hauetan buraso, irakaslea eta animatzailea pintzela eskuan karraskan ari dira dena prest izaiteko. Euskararen aldeko elkarlan motibatuaren adibide garbia.

Irailaren 1ean Azkarateko ikastolaren ikasturtea hasiko da. ©Kazeta
Irailaren 1ean Azkarateko ikastolaren ikasturtea hasiko da. ©Kazeta

Heldu den ikasturtean, Seaskak hiru ikastola berri idekiko ditu: Basusarri, Biriatu eta Azkaraten. Baxe Nafarroakoan, hamahiru ikaslek abiaraziko dute ikastola, Herriko Etxearen egoitza batean. Duela 28 urte herriko eskolak hetsi zuela eta, irailaren 1etik goiti haurren pozak giroa berpiztuko du. Egun hauetan, buraso, ikastolako irakaslea eta animatzailea lanean ari dira dena prest uzteko.

Pintzela eskuan eta irratia piztua, Azkarateko ikastolako familia berria prest da azken ukituak emaiteko. "Ametsa errealitate bilakatu denez", motibazioa agerikoa da denen begietan, ikastolako andereñoa izanen den Maider Aguerrek esplikatu duenez.

Proiektu berri hori gauzatzeko, burasoek osatutako garapen taldeak Herriko Etxea eta Seaskarekin solasaldiak hasi zituen. "Beharrezkoa da. Donibane Garaziko ikastola handitzen ari da, arindu behar da, lokalak tipiak gelditzen ari direlako. Gainera, herri tipi batean ikastola bat sortzea beti berri on bat da", esplikatu du Aguerrek.

Motibazioa eta inplikazioa garaile

Seaska eta Herriko Etxea "lan potoloenaz" okupatu dira, besteak beste, artisau taldeen atzemaiteaz. "Barneko obra tipi batzuk, tindaketa eta gauzak gure gustura ezartzea gure gain gelditu dira", gehitu du. Irakasleak burasoen motibazioa eta inplikazioa azpimarratu du. "Hori ez da denetan ikusten; proiektuan sinisten dute. Euskararen alde diren urrats horiek gure gain hartu behar dira", azaldu du Aguerrek.

Maider Aguerre, animatzailea bezala, orain arte Donibane Garaziko ikastolan egiten zuen lan. Andereñoak, desafioari aurre eginez, Azkarateko ikastolaren gidaritza hartzea erabaki du. "Gure haurren onerako da eta hunkigarria da. Denen indarrak metatuz zerbait polita agertuko da, ziur niz", aitortu du.

Egun hauetan, Azkarateko ikastola apailatu nahi dutenek, egoitzaren ateak idekirik izanen dituzte. "Denen laguntza eskertuko da", aipatu du irakasleak.