Iurre BIDEGAIN

Orreagako bataila gogoratuko dute abuztuaren 15ean

Abuztuaren 15ean Nafarroako Pirinioetan Orreagako bataila gogoratuko dute. Orreaga 778 kolektiboak antolatutako ekimena Aurizberritik abiatuko den martxa batekin hasiko da.

Abuztuaren 15ean 09.00etatik Auzperritik Orreagara martxa bat iraganen da.  ©Iurre Bidegain
Abuztuaren 15ean 09.00etatik Auzperritik Orreagara martxa bat iraganen da. ©Iurre Bidegain

Gaur egun ere, 778. urtean iragan zen Orreagako bataila anitzen oroimenean segitzen du. Urtero bezala, abuztuaren 15ean lurraldean eragin handia izan zituzten gertakizunak oroituko dituzte. Orreaga 778 kolektiboak martxa bat prestatzeaz gain, gertaerak islatuko dituen ikusgarri bat proposatuko du Ibañetako gainean.

Abuztuaren 15ean hiru izanen dira oroituko dituzten gertaerak. Alde batetik, 778. urteko bataila bera eta bestalde, 812eko gertakizunak. Garai horretan, Karlomagnoren semeak zonaldeko haur eta emazte anitz bahitu zituen. Azkenik, Eneko Aritza baskoniarren buruzagi izendapena ere antzeztuko dute.

Duela 16 urte Etxabarrengoa elkarte kulturalak eta Orreagako Fundazioak ekimen hau antolatzen duela, baina denbora pasa eta zonaldeko talde gehiagok berekin bat egiten dute. Hain zuzen ere, Irati Irratiak, Aurizko Gazteria, Harrabots kolektiboa, Auzperriko Gaztetxea, Pirinioetako AEK, Nabarra Aurrera edo Nabarralde taldeek elkarlanean aritzen dira. Horren harira, Orreaga 778 kolektiboa sortu zuten. Ikusgarria eta ekitaldiaren parte hartzea nabarmentzekoa da; iragan den urtean 60 pertsonek urtarriletik prestaketa lanetan aritu ziren.

Abuztuaren 15ean 09.00etatik Aurizberritik Orreagara martxa bat iraganen da. Ondotik, Orreagan dagoen monumentuan geldialdi bat egin ondoren, Ibañetara joanen dira bataila antzezteko. Bertan, Gaizka Arangurenek aldarria irakurriko du. Ekimena eta gero, bazkari bat prestatuko dute Garraldan.

Berrikuntzak eta hitzaldiak

Aurten, Pirinioetan eginen den ekimenaz gain, 778an Carlomagnoren armadak Iruñea suntsitu zuen gertakaria oroituko dute Nafarroako hiriburuan. Ekimenean, lore eskaintza, dantzak eta kantak garaile izanen dira.

Antolatu dituzten ekimenez gain, Orreaga 778 kolektiboak uztailatik hitzaldi ziklo bat antolatu du. Azkena, abuztuaren 7an iraganen da Aurizberriko kirol salan. Hain zuzen ere, "Orreaga 778-824. La Chanson de Roldan" dokumentala eskainiko dute eta ondotik Beñat Agirreren hitzaldia entzuten ahalko da.