Kazeta

Dispertsioarekin bukatu nahi duen udako argazki ekimena

Etxeratek dispertsioa salatzeko argazki ekimen bat martxan jarri du. "Udan senideak ahazten ez" dituztela aldarrikatzeko, norberak #DispertsioaSTOP eta #STOPdispersion traolekin argazkiak igotzen ahal ditu sare sozialetara.

Giza kateak egin dituzte hondartzetan. (ARGAZKI PRESS)
Giza kateak egin dituzte hondartzetan. (ARGAZKI PRESS)

Etxeratek abuztuaren 25a arte dispertsioarekin bukatu nahi duen argazki ekimen bat martxan jarri du. Elkarteak "sasoi huntan senideak ahazten ez" dituztela aldarrikatzeko eta "dispertsio politika munduari ezagutarazteko" iniziatiba hori abiatu du. Norberak #DispertsioaSTOP eta #STOPdispersion traolak erabiliz bere argazkiak igotzen ahal ditu Instagramera.

"Dispertsioak atsedenik ez badigu ematen, guk ere ez diogu emango", azaldu du Etxeratek. Argazki bozkatuenen artean elkarteko lanpa eta poltsa bat zozketatuko dute.

Ildo beretik, abuztuaren 2an Euskal Herriko zenbait hondartza sakabanaketaren kontrako aldarrikapenaz bete ziren. Donostia, Deban, Orion, Lekeition, Ondarroan edo Mundakan, ehunka pertsonek mobilizazioak burutu zituzten. Denak batera, gaur egun 428 preso etxetik urrun sakabanatuak direla salatu zuten.

Euskal Besta

Ipar Euskal Herrian, berriz, beste data bat finkatzea erabaki dute. Halaber, Hendaiako presoen sostengu taldeak heldu den abuztuaren 9an Euskal Bestaren karietara, euskal preso eta iheslarien aldeko bazkaria antolatu du.