Naiz

Bi zauritu Baionan, zezena plazatik kanpo jauzi egin ondoren

Baionako besten karietara iragan den azken zezenketak bi zauritu utzi ditu eta horietako batek 25 zentimetroko adarkada jaso du hankartean. Biek ospitalean segitzen dute.

Zauritu batek 25 zentimetroko adarkada jaso du hankartean.
Zauritu batek 25 zentimetroko adarkada jaso du hankartean.

Besten baitan zezenketarik ez da izan hainbat urtetan Baionan. Aurtengo egitarauan berriro sartu dituzte eta, hala, larunbatean eta igandean jendetza bildu da zezen plazan. Igande arratsaldeko korridako laugarren zezenak, “Zamarrito” izenekoak, ezusteko galanta eman zuen plazatik pasabidera jauzi egin zuenean.

Bertan zeuden Roger Martin argazkilaria eta Dominique Perron, Paul Ricard zezenketa klubeko presidentea, serioski zauritu zituen 547 kiloko zezenak. Biak ala biak ospitalera eraman zituzten eta biei ebakuntzak egin behar izan dizkiete.

Lehenak adarkada jaso zuen hankartean eta 30 zentimetroko zauria du sabelean. Gutxienez hamar bat egun egon beharko du erietxean. Bigarrenak, berriz, ezkerreko tibia eta eskuineko orkatila hautsiak ditu Montalvo ganadutegiko zezenaren erasoaren ondorioz.