Naiz

Boisen ehortzitako lehen artzainak identifikatzeko bidean

Boisera joan ziren eta han lurperatu zituzten lehen 64 artzainak identifikatu eta haien ondorengoak aurkitzeko ‘Artzainak gogoan’ egitasmoa jarri du abian Lakuako Gobernuak.

Lore eskaintza egin dute Boiseko Morris Hill-eko hilerrian. (IREKIA.EUS
Lore eskaintza egin dute Boiseko Morris Hill-eko hilerrian. (IREKIA.EUS

Liz Hardesty ikertzaileak hiru urtez egindako lanaren ostean sortu da "Artzainak gogoan" proiektua. Boluntario-talde batekin batera, Boiseko Morris Hill hilerrian 120 hilobi baino gehiago topatu dituzte seinaleztatu gabe; horietatik 64 euskal artzainenak dira, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran Boisera joan zirenenak. Inor alboan izan gabe hil eta lurperatu zituzten, eta senitartekoek ez zuten sekula ezer gehiago jakin haien inguruan, ezta hil zirenik ere.

Lakuako Gobernuak haien jatorria argitzeko jarri du abian egitasmoa, lehendabizi artzain haiek identifikatu eta gero haien ondorengoak bilatzeko. Haien datuak jaioterrietara bidaliko dituzte.

Iñigo Urkullu lehendakaria Idahoko hiriburura egiten ari den bidaiaren baitan, hilerri hori bisitatu du. Adierazi duenez, Lakuako Gobernuak orain pauso bat aurrera egin nahi du, eta egindako ikerketarekin jarraituko du, lehendabiziko artzain haiek zein herritatik joan ziren argitzeko. "Hala, haien senitartekoek izango dute artzainon historiaren berri, jakingo dute arbasoak zer hilerritan dauden eta omenaldia egin ahal izango diete".

Onartu du ez dela lan erraza izango, izan ere Morris Hill hilerrian ehortzitako euskaldunak eta New Yorkeko Ellis uharteko sarreren erregistroa alderatu beharko dira, urte luzeetan huraxe izan baitzen etorkinak Estatu Batuetan sartzeko atea.

Publizitatea

Boiseko ikastola

EAEko lehendakariak Boiseko ikastola ere bisitatu du. Boluntario talde baten lanari esker sortu zen, eta 1998ko urrian inauguratu zuen Brent Coles Boiseko alkate ohiak. Lakuaren diru-laguntza izan du ordutik.