Idoia ERASO
Elkarrizketa
JEAN-MARC LANDARRETCHE
KARRIKALDI ETA IBAIALDEKO PRESIDENTEA

"Euskal kulturak bere tokia izan dezan ahalegintzen gara"

Baionako bestetan euskal kulturaren erakusle nagusia den Karrikaldi elkarteak bere baitan beste zenbait eragile biltzen ditu: Baionako Ikastola, Baionan Kantuz, Leinua, Ibaialde eta Trikili Trakala. Landarretche presidenteak aurten hitza hartu du besten irekiera ofizialean herriko etxeko balkoitik. Urte hauetan guztietan euskal kulturari egindako ekarpenagatik merezitako aitortza izan da.

JEAN-MARC LANDARRETCHE, KARRIKALDI ETA IBAIALDEKO PRESIDENTEA
JEAN-MARC LANDARRETCHE, KARRIKALDI ETA IBAIALDEKO PRESIDENTEA

Urteurrenen bestak izanen dira aurten Baionakoak euskal kulturaren alde lanean aritzen direnentzat: Dantzazpik 25 urte betetzen ditu, “Kantaleon” liburuxkak 20 eta Karrikaldiak 10. Lan horrek fruituak eman ditu; alde batetik, parte-hartzea biderkatu delako, eta bestetik, aurten euskal kultura eta euskara gizarte zabalera helduko delako urteurrenen aitzakiarekin.

Duela 25 urte abiatu zen Dantzazpi.

Baionako bestak ez ziren gaur egun bezala, orduan besta nagusia Baiona Ttipian izaten zen, eta gure ustez, hitzordu berezi bat sortu behar zen, Iruñean bezala, dantza egiteko. Han 21.00etan Gazteluko plazan dantza tradizionalen inguruan hitzordu berezi bat egiten dute. Guk pentsatu genuen gauza berdina egin behar zela Baionan, zazpietan tenore aproposa izanen zela, eta horregatik deitu genuen Dantzazpi. Montaut plaza hautatu genuen eta, lehen urtetik, dantza esparruko jendea bildu zen bertara.

Dantzak kantuari bidea ireki zion eta “Kantaleon” liburuxka sortu zenuten.

Gure hitzordua emeki-emeki handitu zen, eta plaza bete genuen. Ohartu ginen jendeak dantzarekin ez zuela aski, oren baten buruan gehiago nahi zutela, eta horrela hasi ginen. Guillaume Irigoyen Baionan Kantuz abesbatzarekin hasi zen Dantzazpiren ondotik. Horren inguruan sortu genuen “Kantaleon” liburuxka duela hogei urte. Jende asko kantatzen hasten zen, baina la-la-la-rekin bukatzen zuten. Laguntzeko sakelarako moduko liburu arin bat sortzea pentsatu genuen.

Karrikaldia hitzordu garrantzitsua bilakatu da gaur egun.

Emeki, gure plaza ttipitxoa gelditu zen. Ikastola duela hogei urte hasi zen sagardoa eta taloa saltzen eta zinezko giro berezia sortu genuen. Hala, zerbait sendoagoa egiteko parada bazela ohartu ginen, eta orain dela hamar urte hango plaza utzi genuen eta Jacques Portes plazara joan ginen. Handia da eta karrika handi bat du ondoan. Eremu osoa hartu genuen eta Karrikaldi deitu genion ekimenari.

Karrikaldia ez da arras Dantzazpi bezala, aberastu egin dugu eta orain euskal kulturaren eguneroko hitzordua muntatu dugu, 16.00etatik gauerdira arte. Lauzpabost ekitaldi ezberdin dira. Lehen partea ikusgai moduan da, jendea etortzen da dantzarien ikusteko edota kantarien entzuteko. Aldiz 19.00etatik goiti parte hartzeko, dantzan edo kantan aritzeko etortzen da. Gure betiko Dantzazpi dugu lehenik eta gero kantariak.

Urteurren hauek ospatzeko ekitaldirik antolatu duzue?

Berezitasuna izan da besten irekitzea aitzin, oren erdi batez herriko etxearen beherean Baionan Kantuz aritu garela. Usaian koroak izaten dira, aurten aldiz euskal kantuak, eta jendeak mugikorretan segitu ahal izan du, zeren eta kantuen hitzak aplikazio berezi batean jarri ditugu. Keinu bat da, egungo maneretan ere gure kultura sartzen joateko. Gero herriko etxeko balkoian ere Kantaleon handi bat ospatu da Leon erregearekin.

Karrikaldia erakustaldi handi horren bitartez euskal kultura ezagunagoa dela uste al duzu?

Guk horretarako lan egiten dugu, espero dugu zerbait ekartzen duela. Dantza mailan gauza segurua da, duela 25 urte hasi ginelarik jende gutxik egiten zituzten mutxikoak eta horrelako dantzak. Emeki-emeki elkarteetan mutxikoak ikasteko saioak egiten hasi ziren, eta hamar urtetan askoz jende gehiagok dantzatzen du. Kantuaren inguruan gauza bera gertatu da. Ez dakit zehatz bestak bukatuta zein ondorio uzten duten, baina gu euskal kulturak bere tokia izan dezan ahalegintzen gara bederen.

Urte hauetan norbait hurbildu al zaizu egin duzuen lan horri esker euskal kultura deskubritu duela esatera?

Bai, hori usu gertatzen zaigu. Anitzek esaten digute momento horretan zerbait sentitu dutela eta besta egiteko beste modu bat ikusi dutela. Ondoan dugu autobusen geltokia, bestetara etortzeko pertsona anitz hortik pasatzen dira eta estonatuak dira horrelako giro berezia ikusten dutelarik. Horretarako etorri ez badira ere, asko oren laurden bat, oren erdi bat geratzen dira. Uste dut hemen bizi direla, baina beren eguneroko bizian horrelako girorik ez dutela maiz topatzen.